Otsailaren 8an, igandez, egingo dute datorren urteko Kobaz Koba mendi lasterketa. Zestoako probaren hamargarren edizioa izango da datorrena, eta "berezia" izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Gainera, Zestoako Udala antolakuntza taldera batu da, eta beraz, probaren prestaketa lanetan jardungo du erakundeak, Agiro mendi klubarekin eta Arazi enpresarekin batera.
Ohi bezala, bi ibilbide egin ahal izango dituzte partaideek: Artzei (15 kilometrokoa) eta Zaldei (30 kilometrokoa). Proba laburrak aurreko edizioetako ibilbide berbera izango du, baina luzeak ohi baino lau kilometro gehiago izango ditu. Gainera, dortsal kopurua murriztuko du antolakuntza taldeak, korrikalariei zerbitzu hobea eskaintzeko. Orotara, 450 dortsal jarriko dituzte eskuragarri: 225 ibilbide bakoitzerako. Artzei ibilbideko dortsala 24 euro ordaindu beharko dute herritarrek, eta Zaldeikoa, berriz, 35 euro.
Izango da bestelako berrikuntzarik hurrengo urteko edizioan; izan ere, besteak beste, zestoarrek lehentasuna izango dute dortsala eskuratzeko orduan. Hain zuzen ere, Kobaz Koba probarako dortsala nahi duten zestoarrek erreserba egin beharko dute Zestoako kiroldegian ostiraletik azaroaren 21era bitartean. Horiek errolda agiria aurkeztu beharko dute erreserba egiterakoan, antolatzaileen hitzetan "gaizki ulerturik" egon ez dadin.
Zestoatik kanpoko korrikalariek, berriz, azaroaren 24tik 30era eman beharko dute izena kobazkobatrail.com webgunean. Eskuragarri jarri dituzten dortsalen kopurua gainditzen baldin badute, zozketa bidez banatuko dituzte horiek; abenduaren 2an egingo dute balizko zozketa. Antolaketa taldeak esan duenez, iaz izen-ematea zabaldu eta bi minuturako agortu ziren dortsal denak.