Azoka, bertakoa eta aberatsa

Mailo Oiarzabal 2025eko azaroaren 12a

Arroabeko frontoia, iazko azoka egunean. (Mailo Oiarzabal)

Artile tailerra eta Jakoba Errekondoren aurkezpena eta kontsultategia izango dira igande honetan egingo duten Arroabeko Baserritarren eta Artisauen Azokaren bosgarren aldiaren berrikuntzak.

Arroabean urteko hitzordu handienetakoa bihurtu dena izango dute datorren igandean: Baserritarren eta Artisauen Azoka. Duela lau urte, Txikitasunean Handi egunaren barruan antolatu zuten lehen aldiz azoka. Lehen bi aldiak horrela egin zituzten, baina antolakuntza taldean ari den Araitz Eizagirrek dioen bezala, "izaera propioa" hartu du egitasmoak, eta data propioa irabazi du Arroabeko ekintza egutegi oparoan. Horrenbestez, azaroaren 16koa izango da Ezkaizto auzo elkarteak eta Txara kooperatibak elkarlanean antolatzen duten azoka bere horretan egingo duten hirugarren aldia.

10:00etatik 14:00etara, barazkiak, ogia, gazta, edariak, eztia, arropa, osagarriak, bitxiak, ukenduak, xaboiak, egur lanak... Lehen sektoretik eratorritako produktu eta artisau gai ugari izango dituzte aukeran aurten ere Arroabera joaten direnek, San Isidro kalean, plazan, Joxemiel plazan eta frontoian banatuta jarriko dituzten ia 60 postuetan. Jan-edanerako eskaintzarik ere ez da faltako, ilara luzeak eragiten dituen taloen postua erdigunean dela. Baina "urtero zerbait berria" eskaintzea gustatzen zaiela dio Eizagirrek, eta aurtengoa ez da salbuespena izango. Lehen aldiz, azokak barnebiltzen dituen bi sektoreen jakintzaren transmisioarekin lotutako ekintza bana antolatu dute Baserritarren eta Artisauen Azokaren barruan. Artile tailerra izango da horietako bat. "Artilea modu tradizionalean nola landu izan den eta gaur egun ere artisauek nola lantzen duten ikasteko aukera izango da goizean zehar, Erratzuko [Nafarroa] Artilanekoen postuan", azaldu du Eizagirrek artisautzari lotutako tailerrari buruz. Lehen sektoreari lotuta, berriz, Jakoba Errekondo paisajista eta agronomo ezaguna izango da Arroabeko Elkargunean igandean, 11:00etatik aurrera: "Lehenik eta behin, bere ilargi egutegia aurkeztuko du Errekondok, baina ondoren kontsultategiaren tartea irekiko du, baratzegintzarekin, fruitu arbolekin eta abarrekin lotuta edozeinek izan ditzakeen zalantzak eta galderak argitzen saiatzeko".

Neurria hartuta

Azoka gaztea izanik ere, hasierakoa halako bi da gaur egun Arroabeko Baserritarren eta Artisauen Azoka: lehen aldian 30 bat postu jarri bazituzten, 58raino igo zen kopuru hori iaz eta, momentuz, hortxe matentzearen aldeko apustua egin dute antolatzaileek. "Uste dut azken hiru urteetan indar dezente hartu duela", dio Eizagirrek.

Lau laguneko lantaldea da gaur egun Arroabeko azoka antolatzearen karga handiena bere gain hartzen duena. Eizagirrek azaldu du irailean hasten direla buru-belarri azokari begira lanean eta, ahalegina eskatzen badu ere, nolabait neurria hartua diote antolakuntza lanari. "Lanik zailena" lehen bi aldietakoa izan zela argi du Eizagirrek: "Espazio denak neurtu behar izaten genituen, zenbat postu kabitzen ziren kalkulatu... Azken bi urteetan gehiago izan da kopiatzea eta itsastea; badakigu jada espazio bakoitzean zer sartzen den". Gaur egun, lan handiena "ekoizleekin hitz egitea" izaten dute, azokan parte hartzeko moduan izango al diren jakiteko. "Urtero egoten dira bajak edota hutsuneak", adierazi du Eizagirrek, baina horiek betetzeko arazo handirik ez dute izan orain artekoan, ekoizleen eta artisauen itxaron zerrenda bat ere bai baitute; tiradizoa du, izan ere, Arroabeko azokak saltzaileen artean ere. Antolatzaileek oso kontuan izaten dute, hori bai, produktuen edota ekoizleen "oreka mantentzea": ahalik eta produktu eta jarduera aukera askotarikoena eskaintzen saiatzen dira, hori da Arroabeko azokaren bereizgarrietako bat. Horrenbestez, sail bereko ekoizle ugari izatea baino, nahiago dute bakoitzetik bat edo bi izatea eta sail desberdin asko eskaintzea. "Saiatzen gara urtero produktu berriren bat eskaintzen ere", gaineratu du Eizagirrek; aurten, esaterako, baratxuri beltza izango dute lehen aldiz salgai Arroabeko azokan.

"Gertutasuna" da Ezkaiztokoek eta Txarakoek lehenesten duten beste ezaugarri bat. Aurten ere, Santoñatik (Espainia) antxoak saltzera etorriko direnak izan ezik, Euskal Herrikoak izango dira azokan parte hartuko duten ekoizle eta artisau guztiak; eta gehien-gehienak, postuen %70etik gora, Urola Kostakoak. 

Boluntarioak behar

Ekoizleak inguratzea eta azokaren aurreko lanak gauzatzea ezinbestekoa da azoka egin ahal izateko, eta aipatutako lantaldeak hori guztia lotuta dauka. Baina Baserritarren eta Artisauen Azoka egin ahal izateko, boluntarioen lana ere behar izaten dute, eta horien eske ari dira azken egunetan antolatzaileak.

Aurreko urteetan bezala, trafikoa zuzentzen laguntzeko, postuak muntatzeko eta desmuntatzeko eta beste zenbait lanetarako txandak osatzen dihardute. Hain zuzen ere, Txara dendan jarri dituzte txandak osatzeko zerrendak, eta gaur da horietan izena emateko azken eguna.

Garraio publikoa eta aparkalekuak

Igandean, goizetik azoka bukatu arte behintzat, ezingo da ibilgailuekin Arroabeko erdigunera sartu, baina azokara joan nahi dutenek ez dute arazorik izango bertaratzeko.

Aurrekoetan bezala, ibilgailu pribatuetan joatea hautatzen dutenek Sansinenea industrialdean nahikoa leku izango dute aparkatzeko, "seinalatuta", gero handik herrira dagoen tarte laburra oinez egin ahal izateko. Hala ere, eta urtero ohi dutenez, garraio publikoa erabiltzera animatu dituzte bisitariak azokaren antolatzaileek, autobusak zein trenak, Arroabeak horretarako eskaintzen duen aukera egokia balia dezatela eskatuz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide