Ostegunean hasiko dute mendi astea Zestoan eta hainbat ekimen antolatu ditu Agirok

Maddi Txintxurreta 2025eko azaroaren 10a

Pertsona bat mendian, bizikletaren gainean.

Ostegunetik igandera bitartean, mendi astea ospatuko dute Zestoan. Lehenengo egunean, Jon eta Roman Artanok hitzaldia emango dute, Armenian bizi izan duten esperientziaren berri emateko.

Ostegunetik igandera bitartean ospatuko dute Zestoako Mendi Astea, eta Agiro klubak hainbat ekitaldi antolatu ditu egun horietarako. Larunbateko BTT zeharkaldia izango da mendi asteko ekimen nagusia.

Mendizaletasuna hauspotzea eta zabaltzea helburu duen egitaraua hasteko, ostegunean Armenia eskiekin izeneko hitzaldia emango dute Jon eta Roman Artano anaiek, Asiako herrialde horretan bizi izan duten esperientziaren berri emateko. 19:00etan hasiko dute solasaldia, Alonderon.

Larunbatean, berriz, Jesus Mari Ibarguren Rubio-ren eta Juan Karlos Iraolagoitiaren omenezko BTT zeharkaldia egingo dute. Gurutzetik abiatuko dira 09:00etan, eta inguruak bizikletaz ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek.

Mendi astea amaitzeko, umeek egiteko moduko txangoa antolatu du Agiro mendi klubak. 09:30ean abiatuko dira kiroldegitik, eta Ertxiña mendiari itzulia emango diote, 7,4 kilometroko ibilbidea osatuz. Bidean, Akoa, Kalbario eta Katre igaroko dituzte, eta Ertxiñako lepotik bueltan, atzera ere Akoatik jaitsiko dira herrigunera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide