Herriko kiroldegiko gimnasioan indarra lantzeko dauden makinak erabiltzen ikasteko, emakumeei zuzendutako ikastaroa antolatu dute Zestoako Udaleko Gazteria eta Jarduera Fisiko eta Kirol sailek elkarlanean.
Emakumeak ahalduntzeko asmoarekin prestatu dute ikastaro berria. Emakumeen artean gimnasiora joateko joera eta hango makinak erabiltzeko autonomia eta konfiantza areagotzea; gimnasioko eta, bereziki, indarra lantzeko materialaren zein makinen ezagutzan sakontzea, eta horiek erabiltzerakoan segurtasuna lortzea; eta, era berean, emakumeak saretzea eta gimnasioko espazioan ere ahalduntzea dira, hain zuzen ere, antolatzaileek azpimarratu dituzten helburuak.
Bazkideentzat eta doan
16 eta 30 urtekoentzat bi txandatan, eta 30etik gorakoentzat beste bitan emango dute ikastaroa. Azaroan izango dira gazteenentzako txandak –azaroaren 17an eta 24an bat, eta 20an eta 27an bestea–, eta abenduan, helduentzakoa –abenduaren 1ean eta 8an, eta 4an eta 11n–. Saio guztiak ordubetekoak izango dira, 19:00etatik 20:00etara.
Ikastaroa doakoa da, baina parte hartzeko, beharrezkoa da kiroldegiko bazkide izatea. Izena emateko azken eguna azaroaren 12a izango da.