Datozen lau urteetarako irisgarritasun plana onartu du Zestoako Udalak

Maddi Txintxurreta 2025eko urriaren 28a

Hirigintzari lotutako kontuez gain, udalak eskaintzen dituen zerbitzuak, arreta edo komunikazioa irisgarriagoa egiteko proposamenak landu dituzte Zestoako Irisgarritasun Unibertsalerako Plan Integral berrian.

Pasa den asteartean, urriaren 21ean, Zestoako Irisgarritasun Unibertsalerako Plan Integral berria onartu zuen Zestoako Udalak. Datozen lau urteetan irisgarritasuna hobetzeko tokiko gobernuak bideartuko dituen jarduerak aurreikusten ditu dokumentuak.

2026tik 2029ra arte indarrean izango da irisgarritasun plan berria, eta hirigintzari lotutako kontuez haragoko neurriak ezarriko ditu. Zehazki, orain arteko planek jaso duten udalerri irisgarria atalaz gain, udal irisgarria deritzon arloa landu eta onartu dute dokumentu berria osatzerakoan, eta udalak eskaintzen dituen zerbitzuak, arreta edo komunikazioa irisgarriagoa egiteko proposamenak landu dira bertan.

Projekta Urbes arkitektu taldea arduratu da plan berriaren aholkularitza teknikoaz eta idazketaz. Dokumentuaren idazketak Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren %85eko dirulaguntza jaso du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide