Haztamuka (2016) eta Isiltasuna josi (2022) liburuen ostean, Hitzen aterpean poemarioarekin itxi du Lluisa Etxeberriak (Zestoa, 1946) trilogia. Bartzelonako bizilagunak jaioterrian, Zestoan, aurkeztuko du liburua larunbatean, 12:30ean, Kultur Etxean. Nerea, Ane eta Garikoitz Mendizabal, Agurtzane Auzmendi, Aitor Furundarena eta Fermin Etxeberria izango ditu hark ondoan saioan, eta "berezia" izango da idazlearentzat gertukoekin oholtza partekatzea.
Hitzen aterpean poesia liburuarekin itxi duzu trilogia. Zer gai jorratu dituzu lan horretan?
Niretzat idaztea bidaia bat da, sakona eta hunkigarria. Idazteko garaian, nire barruan zein nire inguruan gertatzen diren gauzak gogoan edukitzen ditut, eta horiek guztiak nire begiradan egoteak, gasolina bailitzan, barrua mugitzen didate.
Gaiei dagokienez, aurreko bi liburuen jarraipena al da?
Bai, hirugarren liburu hau lotuta dago aurrekoekin. Bi liburu haietan jorratu nituen gaiak oraindik bukatzeko zeudela sentitzen nuen, eta horregatik sortu da hirugarrena. Gainera, poemarioaren estrukturak aukera eman dit hirutan zatituta lotura egiten jarraitzeko. Liburuaren lehenengo zatian minaren eta galeraren gaiak lantzen jarraitu dut; bigarren zatiak bide eman dit, nire barne lanketarekin, bizitzako zauriak josteko eta erreparatzeko; eta hirugarren zatia eraldaketarena eta esperantzarena da, eraberrituz aurrera egiteko bizitzari.
Trilogia ixten duen lanak aurrekoen aldean zer berezitasun duela esango zenuke?
Azken liburu honek duen berezitasuna zera da: aurrera egiteko, bizitza berreskuratzeari garrantzi berezia ematen diot, baita bizitza bera arintzeari eta arnasa hartzeari ere. Esperantzara lotzeak duen garrantzia landu dut, eta horren adibide dira, esaterako, Eraldaketa, Argizko sorpresak eta Gogotsu poemak.
Niretzat, aterpea hitzak babesa, estalpea, gordelekua esan nahi du, eta asmoa izan da hitzei indarra eta balioa ematea. Era berean, lagungarriak diren hitzak eskura eduki nahi izan ditut; hitz argiak, garbiak, benetakoak. Horiek babestu nahi ditut, eta ez mingarriak edo nahasgarriak direnak. Beraz, hitz garbiak maite dituztenei eskaini diet poesia liburu hau.
Hitzen aterpean poesia liburuaren jatorrizko izenburua A recer de les paraules da. Katalanez idatzitakoa euskarara ekarri al duzu?
Bai, lehenengo katalanez idazten ditut poemak, eta gero, horiek euskaratzeko itzultzailea behar izaten dut, ez daukadalako modurik poemetan adierazi nahi ditudan kontu horiek euskaraz esateko. Gainera, hitz asko sinbolikoak edo metaforikoak dira, eta ez da erreza itzultzea.
22 urte zenituenetik bizi zara Bartzelonan. Han horrenbeste urte eginda, naturalagoa al zaizu dagoeneko katalanez idaztea?
Bai, katalanez bizi naiz, pentsatu ere hizkuntza horretan egiten dut, eta bertako kulturarekin eta hizkuntzarekin identifikatzen naiz. Baina nik jaiotzez jaso ditudan sustraiak euskaldunak dira; nire sentimenduak eta maitasuna leku horretan mantentzen dira, eta horrek bultzatzen nau, hain zuzen, itzultzaile batengana jotzera eta liburuak euskarara eramatera.
Nolako harrera izan du liburuak Katalunian?
Liburuak denbora gutxi darama kalean. Ekainean aurkeztu genuen Bartzelonan, eta orain arte jaso ditudan balorazioak eta komentarioak oso hunkigarriak eta bereziak izan dira. Liburua partekatzeko gogoz nago oraindik, eta espero dut ekitaldi gehiago sortzeko aukera izango dudala.
Zestoan, berriz, larunbatean aurkeztuko duzu liburua.
Mimo handiarekin prestatu dugu ekitaldia, kolaboratzaile askorekin. Izan ere, aurkezpenean bost musikari eta dantzari bat izango ditut alboan: nik poema batzuk errezitatuko ditut, eta Nerea Mendizabalek eta Agurtzane Auzmendik nire poematik sortutako abestien bidez entzun ahal izango dira beste batzuk. Eta poemak entzuten ari garen bitartean, liburu bakoitzeko margolanak bideoan ikusiko ditugu. Azkenik, poema batez dantzaren bidez gozatzeko aukera ere izango dugu.