Iraetako futbol zelaia "lehenbailehen" berritzeko proiektua martxan jartzea eskatu dio Zestoako Udalari hango EAJk. Jeltzaleek salatu dute "inbertsio falta larria" dela Zestoa Futbol Taldeak erabiltzen dituen instalazio horietan. 2007ko azaroaren 1ean inauguratu zuten Iraetan futbol zelaia, belar artifizialarekin; herriguneko Zubiaurre zelai zaharraren oinordekoa izan da harrezkero. "Instalazioetan gero eta haur eta nerabe gehiago ari dira kirola egiten, baina urte hauetan guztietan ez da hobekuntza esanguratsurik egin", Zestoako EAJren aburuz, eta horri irtenbidea ematea eskatu du udalean oposizioan dagoen alderdiak. Iraetako futbol zelaiko azpiegiturak hobetzea "udalarentzat lehentasun" bihurtzea nahi dute.
Jeltzaleek diote "ezinbestekoa eta premiazkoa" dela Iraetako futbol instalazioak berritzea. Han aritzen diren kirolariek "entrenatzeko eta lehiatzeko espazio egokia eta segurua merezi" dutela aldarrikatu du EAJk, gaur egungo azpiegiturek "kalitatezko kirola bermatzeko beharrezko estandarrak" ez dituztela betetzen azpimarratuz. Horregatik uste dute jeltzaleek "berehalako esku hartzea" behar duela futbol zelaiak, eta hori "ahalik eta azkarren" gauzatu ahal izateko diru sail bat izendatzea eskatu diote gehiengo osoa duen EH Bilduren udal gobernuari. Herriko futbol klubak "hazten eta herriko gazteei aukerak eskaintzen jarraituko duela bermatzeko neurriak hartzea" ere galdegin diote udalari: "Berdegunea berritzeak, kirolariei mesede egiteaz gain, Zestoako oinarrizko kirola garatzen ere lagunduko du, gazteei beren hazkundea bultzatuko duen azpiegitura modernoa eskainiz".