Arroabean festa handia egiteko gai erakutsi dute beste behin ere, Txikitasunean Handi egunarekin. Arroako Festa Batzordeak, Ezkaizto auzo elkarteak, Txepetxa aisialdi elkarteak eta Sakulupe guraso elkarteak batu dituzte indarrak egitaraua prestatzeko, eta egun berezia elkarrekin igaro dute adin guztietako auzotarrek.
Haurrek hainbat aisialdi ekintzez gozatzeko aukera izan dute goizean, eta eguerdirako, aurpegiak margotuta azaldu dira guztiak plazara. Han, auzoko trikitilariek poteo ordua girotu dute, eta 14:30ak aldera herri bazkarian elkartu dira arroarrak.
Bingoan aritu dira bazkalostean, eta arratsaldean Izeba Felisaren irratia magia ikuskizunarekin liluratu dira haurrak Eskola Zaharrean.
18:30ean hasi da, halaber, aurtengo Txikitasunean Handi festaren berrikuntza nagusia. Hain zuzen ere, Itziarko Elorriagako Agustin Uranga Billabier-ek duela lau hamarkada txinga eramaten Arroan bertan ezarri zuen marka hobetzeko erronkari heldu diote Mikel Agirrek, Pablo Alvarezek, Lander Ibarluzeak eta Andoni Zubiaurre Gorixo Zumaiako bizilagunak. 75 plaza osatu zituen Billabierrek 27 kiloko txingekin, eta Gorixok aise gainditu du erronka: 102 plaza osatu ditu.
20:00etatik aurrera, musikari emango diote bide Arroa Behean. Mugi Panderoa taldea oholtzaratuko da lehenik, eta parrandari segida emango diote Indate eta Saizar DJek.