Uri Buru Batzarra berritu du Zestoako EAJk

Julene Frantzesena 2025ko urr. 8a, 12:08

Zestoako Uri Buru Batzarreko kideak. (Zestoako EAJ)

Itziar Aizpurua izango da lehendakaria, Daniel Peñas idazkaria eta Garikoitz Mendizabal diruzaina. Gainera, Juan Mari Aramendi, Jexux Mendia eta Joxe Zubizarreta izango dira batzordekideak. EAJren proiektuarekin "aurrera segitzeko" helburuz berritu dute batzarra, eta kideek kargua "ilusioz eta konpromisoz" hartu dutela adierazi dute.

EAJren proiektuarekin "aurrera segitzeko" xedez, Zestoako Batzokiak Uri Buru Batzarra berritu du. Itziar Aizpurua izango da lehendakaria, Daniel Peñas idazkaria eta Garikoitz Mendizabal diruzaina. Halaber, Juan Mari Aramendi, Jexux Mendia eta Joxe Zubizarreta izango dira batzordekideak.

Zestoako EAJren hitzetan, aurpegi berriak eta energia erantsi dituzte Uri Buru Batzar berritura. "Batzordekide berriek ilusio eta konpromiso handiz hartu dute beren erantzukizuna, eta berrikuntzak hainbat ekimen ekarriko ditu berarekin, Batzokia biziberritzeko, herritarrengandik hurbilago egoteko eta Zestoako beharrei modu eraginkorragoan erantzuteko", esan du Zestoako EAJk ohar bidez.

Uri Buru Batzarrak herritarrekin duen lotura sendotzeko lanean segituko duela esan du. Horrez gain, egiten duen lana ikusgarriagoa egiten eta Zestoa hobetzeko proiektuak abian jartzen ere ahaleginduko da taldea, "betiere udalerriko biztanle guztiei etorkizun hobea" eskaintzeko helburuz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide