Marijo Etxaide: "Beste barkamen bat falta da: gertatu zena argitzea"

Maddi Txintxurreta 2025ko urr. 1a, 09:11

Marijo Etxaide, Sabin Etxaideren arreba, Bergaran. (M. Txintxurreta)

Bergarara (Gipuzkoa) iritsi berri zen Marijo Etxaide zestoarra bere anaiaren bizitza bukatu eta berea nolabait "eten" zuen atentatua gertatu zenean. 1985eko irailaren 25ean, Sabin Etxaide nahiz Agustin Irazustabarrena, Inaxio Asteasuinzarra eta Jose Mari Etxaniz hil zituzten Baionako Monbar hoteleko tabernan. Lucien Mattei eta Pierre Frugoli mertzenarioek egin zuten tiro, baina GALenak ziren balak. 40 urte igarota, "oso berandu" Marijo Etxaideren ustez, Eusko Jaurlaritzak barkamena eskatu die senideei.

Alberto Alonsok (PSE-EE) zuzentzen duen Gogora institutuak Monbar hotela, 1985. 40 urte GALen sarraski handienetik erakusketa inauguratu zuen astelehenean Donostian. Han izan zinen zu, Monbar hotelean hildako gainontzekoen senideekin batera. Zergatik erabaki zenuten ekitaldi horretan parte hartzea?

Gogorak erakusketa hori egitea proposatu zigun. Zalantzak izan genituen, zeren, 40 urtetan baztertuta egon gara, isilik, inor ez da gurekin akordatu; ez instituzioak, ezta prentsa edo telebista ere, inor ez. Inguruko jendea, besterik ez. Horregatik, sorpresaz hartu genuen. Ikusten genuen izan zitekeela bide bat hasteko modua, ez guretzat bakarrik, gu bezala baitaude familia pila bat. Gogora institutuko lehendakariarekin bilera egin genuenean, iruditu zitzaigun bere borondatea zintzoa zela. Orduan, aurrera egingo genuela erabaki genuen. Alonsok esan zigun edozein momentutan proiektua gelditu nahi bagenuen ez zela arazorik egongo, gure borondatea errespetatuko zuela. Horrek ere konfiantza eman zigun.

Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Giza Eskubideen sailburu eta PSE-EEko kideak barkamena eskatu zizuen 40 urtez sufritu duzuen "isiltasun instituzionalarengatik". Garrantzitsua da zuretzat barkamen hori PSE-EEko kideen ahotik entzutea?

Barkamena, tira... komatxo artean jarriko nuke. Bera gure ondoan egon zen [astelehenean], eta esan zigun sentitzen zuelako egiten ari zela hori guztia. Baina, nire ustez, barkamen hori 40 urteko isiltasunagatik izan zen, besterik ez. Beste barkamen mota bat falta da. Falta da prest agertzea gertatu zena argitzeko; erantzuteko zer gertatu zen, zergatik eta zein zegoen horren buruan. Hori argitu artean, onartzen ditugu jarrera on horiek, baina egiteko asko falta da.

"[Jose] Barrionuevo agintean egoteak edo Felipe Gonzalezek ezer ez aitortzeak; horrek ematen dit mina"

Hortaz, memoriaren aldeko apustua izan zen, gertatutakoa argitzekoa baino gehiago?

Beraiek esan ziguten bidearen hasiera bat zela. Orduan, ez ditut ateak itxi nahi.

GALek egindakoez "harro eta lotsagabe" hitz egin dutenei kargu hartu zien San Josek. 40 urte hauetan izan da bereziki mindu zaituen adierazpenik?

Uste dut guk koraza bat dugula gauza horiekiko, zeren ez dugu konfiantzarik instituzioengan. Gogoan dut [Jose] Amedok esan zuela berriro egingo lukeela, orduan, gauza horiek niri ez didate balio, ez diet inportantzia gehiegi ematen. Horren guztiaren gainetik beste gauza bat dago, eta hori da gobernu baten gerra zikina. [Jose] Barrionuevo agintean egoteak edo Felipe Gonzalezek ezer ez aitortzeak; horrek ematen dit mina.

Bigarren mailako biktimak gara, zeren gure familiakoak terroristatzat hartzen dituzte. Nire anaiak ez zeukan kausarik irekita, eta bere lagunek ere ez; hala ere, terroristak zirela esaten dute. Nire anaia eta besteak terroristak baziren, zer da gerra zikina antolatzen duen gobernu bat? Eta zer da egitura hori sortu zuen alderdia?

Nola oroitzen duzu Sabin Etxaide atxilotu zuten eguna?

Sorpresaz hartu genuen. Gauez sartu ziren etxean; orduan dena gauez egiten zuten. Sabin eraman zuten. Oso gogorra izan zen, ez genekien nora eramango zuten eta zergatik. Gure bizitzetako aldaketa hor hasi zen. Atxiloketa, torturak, kartzela... Gu oso gazteak ginen, eta hori guztia asimilatzea oso zaila da. Gurasoak ere zaindu behar genituen, edo babestu, behintzat. Gero, espetxeetarako bidaiak etorri ziren.

Geroago, Ipar Euskal Herrira alde egin zuen.

Espetxetik atera zenean bizitza normala egiten hasi zen. Baina Madrilera, Auzitegi Nazionalera, joateko agindu bat jaso zuen, eta joan zenean, abokatuak esan zion ez sartzeko, atxilotzeko arriskua zuela. Beste aldera joateko erabakia hartu zuen. Nik ez dut inoiz jakin zergatik zuen atxilotzeko arrisku hori, berez beteta zuen kondena.

Monbar hoteleko atentatua egiterako, ezaguna zen GAL. Zein unetan izan zenuten arriskuaren kontzientzia?

GAL iparraldeko errefuxiatuak hiltzen hasi zenean, beraiek zera esaten ziguten: "Kontuz ibili behar dugu, hemen gauza arraroak gertatzen ari dira". Lasa eta Zabala desagertu eta gero, beldur handia zuten. Beste batzuk tiroz hil zituzten. Kontuz ibiltzen ziren. Sekula ez duzu imajinatzen zuri gertatuko zaizunik, baina...

Baina gertatu zen, 1985eko irailaren 25ean.

Gertatu zen, bai.

Nolakoa izan zen egun hori?

Egun hauetan, lau familiak elkartu garenean, asko hitz egin dugu egun hartaz. Batek esaten zidan nire anaia oso gutxi ateratzen zela kalera. Hendaian [Lapurdi] lan egiten zuen delineatzaile bezala, eta Baionan bizi zen. Neska-laguna ere bazuen, eta oso gutxi ateratzen zen. Gau hartan kalera atera zen, bati [Irazustabarrenari] errefuxiatu estatutua berritzea onartu ziotela ospatzera. Beste hiru horietako baten emazteak zera esan zidan aurrekoan: "Zure anaiak benetan zorte txarra izan zuen. Ez zen inoiz kalera ateratzen". Baina egun hartan atera zen.

Telefonoz abisatu ziguten atentatu bat egon zela, nire anaia, larri, ospitalera eraman zutela eta beste hirurak hilda zeudela. Asteazken bat zen, eta larunbatean ekarri genuen gorpua herrira, etxera. Egia esaten badut, ostegunetik larunbatera bitartean ez dakit zer egin nuen. Baionan ariko ginen paperak-eta egiten, eta akordatzen naiz errefuxiatuen komiteak lagundu zigula, beste herrialde batean egonda, konplikatua zelako gorpua ateratzea. Bueltan, Polizia zain zegoen tanketekin, kontrol pila bat jarri zituen; badakit jende askok ezin izan zuela herrira sartu. Larunbata zen. Gu Zestoara iritsi ginenean, akordatzen naiz lagunek hilkutxa hartu eta herritik buelta bat eman zutela, eta gero etxera ekarri genuen. Kanposantuan ere polizia pila bat zegoen, eta jendeari ez zioten sartzen utzi.

"Nire anaia eta besteak terroristak baziren, zer da gerra zikina antolatzen duen gobernu bat? Eta zer da egitura hori sortu zuen alderdia?"

Herrikideen babesa sentitu duzue urte hauetan?

Zestoa herri txikia da, denok ezagutzen gara. Babes handia sentitu genuen orduan, eta gero ere bai. Baina babesa izanda ere, mina familiak bizitzen du, gainontzekoek beraien bizitzekin jarraitzen dute. Gu min horrekin geratu gara.

Zuri zerk balioko lizuke gertatutakoa erreparatzeko?

Gustatuko litzaidake gure bizitza amaitu baino lehen erreparazio hori iristea, nahiz eta ezin dugun berreskuratu galdu duguna. Gure bizitzetan eten moduko bat izan zen; norbera hiltzea bezalakoa da, baina gero berriz hasi behar duzu bizitzen, ikasi behar duzu beste modu batera bizitzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide