Arroabekoek egun osoko ekintza eta festa egitarauarekin ospatuko dute aurten ere Txikitasunean Handi eguna.
Urriaren 11n, larunbatarekin, ospatuko dute aurtengoa, eta Arroako Festa Batzordeak, Ezkaizto auzo elkarteak, Txepetxa aisialdi elkarteak eta Sakulupe guraso elkarteak batu dituzte indarrak egitaraua prestatzeko. Hau da, hain zuzen, prestatu duten eskaintza:
- 11:30-13:00. Haurrentzako aisialdi ekintzak, Τxepetxarekin.
- Ondoren, triki-poteoa, herriko trikitilariekin.
- 14:30. Herri bazkaria.
- Bazkalostean, bingoa.
- 17:00. Izeba Felisaren irratia magia ikuskizuna, Eskola Zaharrean.
- 18:30. Txinga erronka, Joxemiel plazan: Mikel Agirre, Pablo Alvarez, Ibai Sanz eta Andoni Zubiaurre.
- 20:00. Mugi Panderoa taldearekin erromeria.
- 23:00. Indate eta Saizar DJak.
Txinga erronka
Herri kirolekin lotutakoa izango da 2025eko Txikitasunean Handiren berrikuntza nagusia. Hain zuzen ere, Itziarko Elorriagako Agustin Uranga Billabier-ek duela lau hamarkada txinga eramaten Arroan bertan ezarri zuen marka ontzen ahaleginduko dira lau kirolari.
75 plaza osatu zituen Billabierrek 27 kiloko txingekin, eta marka hori gainditzen saiatuko dira urriaren 11n Mikel Agirre (Ondarroa, Bizkaia), Pablo Alvarez (Berango, Bizkaia), Ibai Sanz (Getxo, Bizkaia) eta Andoni Zubiaurre (Zumaia).
Bazkarirako txartelak, salgai
Berrikuntzak eta ohiko hitzorduak, denetarik izango du Txikitasunean Handi egunak. Bigarren sail horretakoen artean, nola ez, herri bazkaria egingo dute, eta bazkari horretarako txartelak salgai jarri dituzte Txaran.
Helduen bazkariko txartelak 30 euro balio ditu, eta umeenak 14 euro. Urriaren 6a arte egongo dira txartelak salgai Txaran.