Eneko Albizu eta Eneritz Aramendi nagusitu dira Akoako Biran

Ihintza Elustondo eta Andoni Elduaien 2025eko irailaren 28a

Albizu gazteak 41.23 denboran egin du ibilbidea; Aramendik, berriz, 46.21 behar izan ditu hamar kilometro egiteko. Gizonetan, Andoni Egigurenek eta Aritz Elustondok osatu dute podiuma, eta emakumeetan, Garazi Artolak eta Aintzane Olaizolak. Jendetza batu da ibilbidean zehar korrikalariak ikusteko. 

Eneko Albizuk eta Eneritz Aramendik irabazi dute Akoako Bira. Gaur, igandea, jokatu dute Zestoako Akoa auzoan bost urtez etenda izan den hamar kilometroko distantzia eta 370 metroko desnibel positiboa dituen mendi lasterketa, eta erakustaldia emanda lortu dute bi irabazleek garaipena. Gizonetan, Albizuk 41.23 denbora egin du, eta emakumeetan, Aramendik, 46.21 denbora.

Haien atzetik, gizonetan, Andoni Egiguren (41.38) sailkatu da bigarren, eta Aritz Elustondo (42.35) izan da hirugarrena. Aldiz, emakumeetan, sei minutu eta erdi inguruko abantaila atera dio Aramendik bigarren sailkatu den Garazi Artolari (52.56); Aintzane Olaizolak osatu du podiuma, 53.04 denbora eginda.

Antolakuntzak, baina, sari gehiago ere banatu ditu gaurko proban: aurreneko akoarrak eta aurreneko zestoarrak ere saritu ditu. Iñaki Albizu izan da lehen gizonezko akoarra, eta Leire Lopetegi aurreneko emakumea. Zestoarrei daogokienez, emakumeetan Leire Mujika izan da lehena, eta gizonetan, Jurdan Regillaga.

Probaren etenaldia majo nabaritu dute Zestoan; izan ere, eguraldiak lagunduta jendetza hurbildu da auzo horretara proban parte hartzera. Era berean, korrikalariak animatzera joan diren etxekoak, lagunak nahiz ingurukoak ere asko izan dira.

Honako lotura honetan ikus daiteke probaren sailkapena osorik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide