1985eko irailaren 25ean berriz entzun ziren hil kanpaiak. Baionako Paneccau karrikan izan zen, Monbar hotelean. "Gogoratzen naiz nola jaitsi nintzen etxetik. Emakume batek esan zidan atentatu bat egon zela. Jaitsi nintzen, eta sarreran, lurrean zeuden Urretxukoa [Etxaniz] eta nirea, baina ez nekien Beltza eta Eskumotza barruan zeudela. Ez nuen imajinatzen laurak zirenik". Begoña Arbelaiz Agustin Irazustabarrena Legra-ren bikotekidearen oroitzapena da. Hala azaldu die egun hartan GALek haren bikotekidearekin batera hil zituzten Joxe Maria Etxaniz Potros, Iñaki Asteasuinzarra Beltza eta Sabin Etxaide Eskumotza-ren senideei ere. Mahai beraren bueltan elkartu dira guztiak, oroitzapenak harilkatuz memoria lan bat egiteko.
Arbelaiz eurekin izan zen arratsalde hartan. Gogoan du batera ibili zirela kalean: lau lagunak, bi emakume errefuxiatu eta Arbelaiz bera hiru hilabeteko haurrarekin. "Haiek esan zuten: ‘Guk beste trago bat hartuko dugu’. Eta handik 40 minutura laurak hilda zeuden. Eta bi neska horiek aurreko portalean sartu zirelako, han bizi zirelako. Bestela seiak botako zituzten".
Hamabost bala zorro aurkitu zituzten tabernan. Etxaniz momentuan hil zuten; Asteasuinzarra eta Irazustabarrena ahal zuten moduan ihes egiten saiatu ziren, baina tabernaren atarian exekutatu zituzten; eta Etxaide ordu batzuk geroago hil zen ospitalean, eragindako lesio larrien ondorioz. Izan ere, Pierre Frugoli eta Lucien Mattei GALeko mertzenarioek ahal bezainbeste lagun hiltzeko agindua zuten. Hala aitortu zuen Frugolik euren kontrako epaiketan, esanez Espainiako Gobernuak, Jose Amedo poliziaren bitartez, hildako bakoitzeko dirutza eskaini ziela.
Jarraitu erreportajea irakurtzen Berria.eus webgunean.