Hazten ari zirela ikusitako proba berreskuratu dute

Nerea Uranga 2025eko irailaren 24a

Ander Lizarburu, Jokin Zigaran eta Eneko Albizu Akoako Biraren antolatzaileetako hiru, Akoan. (Akoako Bira)

Herriko gazteen proposamenetik abiatuta, geldialdian zen Akoako Biraren hamabosgarren aldia jokatuko dute igandean, ibilbidea berrituta eta luzatuta.

Zestoako Udalak aurreko ikasturtean abiatu zuen nerabeentzako parte hartze prozesua emaitzak izaten ari da; igandean gauzatuko da bat. 12 eta 16 urte arteko herriko nerabeen "interesak eta beharrak ezagutzeko" ekin zioten egitasmoari, baina baita herriko nerabeen arteko harremanak sakontzea, "nerabeekin harremana estutzea" eta "nerabeak herriko dinamikan parte aktibo bihurtzea" sustatzeko ere.

Prozesuaren bigarren fasean, egindako proposamenak garatzerakoan nerabeek beraiek antolaketan parte hartzea zuten helburu. Igandean argia ikusiko du xede horrek; izan ere, Akoako Bira berreskuratu dute. Asmo horri Jokin Zigaran (Zestoa, 2009) eta Eneko Albizu (Akoa, 2009) gazteek ekin zioten, eta gero Ander Lizarburu (Zestoa, 2008) batu zen proiektura, "kirolerako zaletasunak" bultzatuta.

Haurrak zirenean Akoako Biraren egunean auzoan sortzen zen «festa giro ona» gogoan dute hiru gazteek, eta txikitan bete ezindako ametsa egia bihurtzeko proposatu zuten proba berreskuratzea. "Lasterketa egiten zenean, korrika irteteko adinik ez genuen, baina oso ondo pasatzen genuen egun horretan izaten zen festa giroarekin. Orain, proba berreskuratuta parte hartzeko aukera izango dugu. Gainera, neu akoarra izanda ilusio handia egiten dit", kontatu du Albizuk. Sei urteko etenaren ondoren –2019an egin zuten azkenekoz–, igandean Akoako Biraren hamabosgarren edizioa jokatuko da.

Aste Santuan hasi ziren Akoako proba antolatzen, eta ordutik hamaika bilera egin dituzte. Antolaketan, gazteen bidelagun izan dira Mikel Irure Agiro mendizale taldeko kidea eta Alex Altolagirre nerabeen parte hartze prozesua dinamizatzeko talde motorreko kidea eta Jauzika elkarteko hezitzailea. Lan asko egin bai, baina ikasi ere ugari egin dutela diote Altolagirrek eta hiru gazteek. "Prozesua polita izan da, baina lan karga handia eragin digu. Horrelako proba bat antolatzeko erakunde eta alde askoren elkarlana behar da; bilera pila bat egitea, han eta hemen baimenak eskatzea...", esan du hezitzaileak. Lanerako eta antolaketarako Agirok, akoarrek eta gazteek emandako laguntza eskertzekoak eta "ezinbestekoak" izan direla gaineratu du Altolagirrek.

Akoako Birarako entrenamendua. (Akoako Bira)

Proba prestatzeko gauza denei aurre egitea zenbat kostatzen den ikusi dute Akoako Biraren edizio berriaren antolatzaileek. Gazteek ezustekoa hartu dute gastu ekonomikoak zenbaterainokoak izan diren ikusita, eta eskarmentua izan da hori: "Ez da merkea proba bat antolatzea. Leku askotan eskatu behar izan dugu sariekin-eta laguntzeko; laguntzaileak eta babesleak lortzea oso garrantzitsua izan da". Atzeko lana aurrez aurre izan dute, eta horren zenbatekoarekin harrituta daude; "detaile txikiena" ere asko kostatzen dela aitortu dute: "Anbulantziak direla, komunak eta aldagelak non jarri erabaki behar dela... detaile txikienak ere lana eskatzen du".

Ibilbide makurra

Igandean bertan jakingo dute antolatzaileek zer iritzi duten korrikalariek Akoako Bira berriari buruz, baina "ibilbide makurra" dela aurreratu dute. Hamar kilometro ditu ibilbide berriak; aurreko edizioetakoa baino pare bat kilometro luzeagoa da. Dena den, asfaltoko zati gutxiago du, eta mendi bide gehiago. "Mendi lasterketa izanda, asfalto gutxiagoko proba izatea nahi genuen", azaldu dute gazteek.

Lehengo Akoako Biraren ibilbidea desbideratu egin dute Eriozahar parean, eta handik Trukuman gainera joango dira korrikalariak, gero zuzenean Baiora joateko. Aldaketa horrekin, asfalto eta hormigoi zatiak gutxitu dituzte, baina baita dezenteko aldapa gehitu ere. "Guk gaur [herenegun] egin dugu ibilbidea, eta irristatuz ibili gara", erantsi dute korrikalari gazteek.


Akoa auzoa. (Akoako Bira)

Lan asko eginda, baina txikitako ametsa beteko dute Akoako Biran parte hartuta. Igandean kirola, giro ona eta elkarlana batuko dituen lasterketan "ahal dutena ematera" irtengo dute. Hamar kilometroak zenbat denboran egingo dituzten ez dakite, baina aurrenek "50 minutu inguru" beharko dituztela kalkulatzen dute gazteek.

XV. Akoako Bira

Irailak 28, igandea.

  • Irteera. 10:30ean.
  • Ibilbidea. Hamar kilometro distantzia eta 370 metroko desnibela.
  • Parte hartzaileak. 150 lasterkari. Ia erdiak Zestoakoak dira.
  • Dortsalen banaketa. Dortsalak jasotzeko aukera izango da Zestoako kiroldegian ostiralean, 17:00etatik 20:00etara, eta igandean, Akoan bertan, 09:00etatik 10:00etara.
  • Sariak. Gizonetan eta emakumeetan sailkatutako lehen hirurek saria jasoko dute, baita gizonetan eta emakumeetan sailkatutako lehen zestoarrek eta lehen akoarrek ere. Irteeratik 600 metrora tarteko helmuga jarriko dute, eta handik igarotzen aurrenak diren gizonak eta emakumeak txuleta bana jasoko dute sari gisa.
  • Hamaiketakoa eta pintxoak. Parte hartzaile guztientzako hamaiketakoa izango da, eta ikusleek bi eurotan pintxoa eta tragoa hartzeko aukera izango dute.
  • Haurrentzako lasterketa. 200-300 metro inguruko ibilbidea duen lasterketa,12 urtera arteko haurrentzat.
  • Bideak itxita. Zestoatik Akoarako errepidea itxi egingo dute igandean, 09:00etatik 13:00etara. Ezenarro parean ere bidea itxi egingo dute. Autoa Zestoako herrigunean utzi eta Akoara oinez joateko eskatu dute antolatzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide