Umorea, bertsoak eta gastronomia uztartzen dituen Barre Kluba urriaren 4an iritsiko da Zestoara

Mailo Oiarzabal 2025ko ira. 22a, 08:26

Ana Goitiak gidatuko du Barre Kluba Zestoan.

Besteak beste, Nerea Ibarzabal eta Andoni Egaña bertsolariek parte hartuko dute Ana Goitiak gidatuko duen ikuskizunean; eta aurretik, afari merienda egingo dute parte hartzaileek. Kiroldegiko estalpean izango da hitzordua eta sarrerak salgai daude.

"Bertso bakarrizketak" gisa aurkeztu duten Barre Kluba ikuskizunaren lehen edizioa hartuko du urriaren 4an Zestoak, eta sarrerak salgai daude dagoeneko.

"Umorea, bertsolaritza eta tokiko gastronomia uztartzen dituen kultur proposamen berezia" izango da 19:30ean hasita kiroldegiko aterpean gauzatuko dutena. Afari merienda egingo dute lehendabizi, eta ondoren hasiko da bakarrizketak eta bertsoak uztartuko dituen ikuskizuna. Besteak beste, Nerea Ibarzabal eta Andoni Egaña bertsolariek parte hartuko dute Ana Goitiak gidatuko duen ordu eta erdi inguruko saioan. "Ez da bakarrik barre egiteko… baina batez ere bai!", diote antolatzaileek.

Sarrerak Portale kulturgunean zein Interneten jarri dituzte salgai, 30,60 eurotan sarrera solteak, eta 114,24 eurotan lauko bonuak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide