Lanak amaituta, Zestoako Herri Eskola prest dago asteazkenean ikasleak hartzeko

Maddi Txintxurreta 2025ko ira. 5a, 08:00

Handitze lanei esker, Zestoako ikastetxearen eraikin nagusiak hiru ikasgela berri eta areto handi bat irabazi ditu; azken hori hirutan bana daiteke. Asteazkenean, irailak 10, abiatuko dute ikasturte berria.

Amaitu dituzte Zestoako Herri Eskola handitzeko lanak, eta azken ukituak findu ostean, ikastetxea prest egongo da datorren asteazkenean, irailak 10, ikasleak hartu eta ikasturte berria hasteko.

Duela hogei urte baino gehiago Eusko Jaurlaritzak eskola handitzeko lehen proiektua onartu zuen, baina luzatzen joan da asmo hori. Azkenean, 2023ko abenduan hasi zituzten herriko ikastetxeko eraikin nagusia handitzeko lanak, eta 2024ko abendu amaierarako bukatzea aurreikusi zuten arren, bederatzi hilabete atzeratu da obra. 

Zestoako hezkuntza beharrei era egokian erantzutea zen San Joan auzoko eraikina handitzearen helburua, eta lanak amaituta, eskolak hiru ikasgela eta areto handi bat irabazi ditu. Hiru ikasgela berriak bigarren pisuan daude, eta horiekin irabazitako espazioari esker, liburutegi bilakatu dute gela zaharretako bat. Aretoa, berriz, hirugarren pisuan dago. Erabilera anitzeko gela gisa funtzionatuko du, eta eskolak bakarrik ez, herriko eragileek ere erabiltzeko aukera izango dute. Gainera, abaniko itxurako horma mugikorrei esker, hirutan banatu daiteke espazio hori, beraz, praktikan, beste hiru gela irabazi ditu eraikinak.

Horrez gain, lasaitzeko txokoa sortu dute gela berri batean. Haurren bat urduri, haserre edo triste baldin badago, gela horretara jo dezake lasaitzeko eta bere emozioen kudeaketa errazteko, ikasgelako giroa apurtu gabe.

Eskolako Zuzendaritzak adierazi duenez, sortu dituzten espazio berriek ikasleen hezkuntza kalitatean eragina izango dute, beraien hezkuntza metodologiara egokitutako espazioak egokitu direlako. 

Aurrerantzean, hiru sarrera

Eraikinaren kanpoaldean ere hainbat aldaketa egin dituzte. Belar artifizial berria jarri dute patioan, harmailak eraiki dituzte, eraikinaren bizkarreko mendi zatia egonkortu dute eta itxituraren gainean babeserako sare berria jarri. Patio handiko portxea ere berritu dute, eta puska bat kendu diote, psikomotrizitate gela handitzeko.

Portxe horren pean, gainera, sarrera berri bat egin dute; beraz, aurrerantzean, hiru sarrera izango ditu Zestoako Herri Eskolak: Haur Hezkuntzako 4. eta 5. mailako ikasleak San Joan ermitaren aldeko portxe txikitik sartuko dira; Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoak sarrera berritik, eta Lehen Hezkuntzako 3. mailakoak portxe handiko sarrera zaharretik.

Bestalde, dagoeneko erabilgarri dago GI-631 errepidean egokitu duten espaloia, eta bertatik eskolako patiora zuzenean sartu daiteke modu irisgarri eta seguruan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide