Zestoako kiroldegiko ikastaroetan izena emateko epea ireki dute

Maddi Txintxurreta 2025ko ira. 1a, 11:46

Zestoako kiroldegia.

Irailaren 15a izango da ikastaroetan izena emateko azken eguna eta hilaren 17an argitaratuko dituzte zerrendak. Bi ikastaro berri eskainiko dituzte ikasturte berrian: oreka, koordinazioa eta indarra lantzeko bat, eta gazteen bizi-ohitura osasuntsuak sustatzea helburu duen beste bat.

Gaur, astelehena, zabaldu dute 2024-2025 ikasturtean Zestoako kiroldegian eskainiko dituzten ikastaroetan izena emateko epea. Hilaren 15era bitartean egongo da horietan izena emateko aukera, kiroldegian bertan. 

Izena emateko epea amaituta, hilaren 16an jakinaraziko dute zein talde sortu diren eta zein ez; izan ere, ikastaroetarako taldea sortzeko gutxieneko izen emate kopurua betetzea beharrezkoa izango da. Taldeak osatuz gero, ikastaroak irailaren 22an hasiko dira.

Ikasturte berrian bi ikastaro berri eskainiko dituzte: OKI eta Gaztea Fit. OKI ikastaroan, jarduera fisiko eta kirol ezberdinen bidez, oreka, koordinazioa eta indarra landuko dituzte. Bestetik, 12 eta 16 urte bitarteko nerabeei zuzendutako ikastaroa izango da Gaztea Fit deiturikoa. Horren bidez, jarduera ezberdinak nahastuta, gazte eta nerabeei bizi estilo osasuntsu eta dibertigarri bat eskaintzea da helburua.

Gainontzean, honako ikastaro hauek mantenduko dituzte: senior fit +65, heldua fit maila aurreratua, yoga, total training, spinning eta Arroa eta Aizarna Aktiboa.

Ikastaroen egutegia Zestoako Udalaren webgunean dago ikusgai.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide