Oilasko biltzea eta umeen krosa, jaietako hirugarren egunari ekiteko

Julene Frantzesena 2025ko abu. 16a, 16:05

Usadioari jarraituz, 07:30ean hasita, oilasko biltzea egin dute hainbat lagunek baserriz baserri. Eguerdian itzuli dira horiek Aizarnara, eta plazan aritu dira dantzan. Umeek krosa egin dute. Paella bazkalduta, gauean Obaneukeren erromeria izango da.

Amabirjinetako hirugarren eguna goiz hasi dute aizarnar hainbatek. Izan ere, usadioari jarraituz, 07:30ean hasita, oilasko biltzea egin dute hainbat lagunek baserriz baserri. Horiek eskean aritu dira, zahagi dantza eginez.

11:00etan, berriz, haurren eta gaztetxoen krosa izan da, eta hainbat lagunek parte hartu dute Aranburu landetxearen ondoko zelaian egin duten proban. Gainera, partaideek medalla bana jaso dute.

Oilasko biltzean atera diren lagunak eguerdian itzuli dira Aizarnara, eta herritarrek harrera beroa egin diete. Plazan dantzan aritu dira, gainera; aurreskua egin dute. Ordurako hasiak ziren paella prestatzen beste zenbait herritar, eta haiek egindako arroza jan dute dozenatik gora lagunek eguerdian.

Gaur gauean Obaneukeren erromeria izango da, eta ondoren, DJ Patxen emanaldia. Bihar izango da jaietako azken eguna, eta umeen txupinazoa, zirko tailerra, jubilatuen hamaiketakoa, umeentzako ginkana, txokolatada eta Jon Urbieta disko jartzailearen emanaldia izango dira.

Hona hemen datozen orduetako eta biharko egitaraua:

Gaur, larunbata

  • 22:30. Obaneuke erromeria.
  • 03:00. DJ Patx.

Bihar, igandea, Umeen eguna

  • 11:00. Umeen txupinazoa.
  • Jarraian, zirko tailerra.
  • 11:30. Jubilatuentzako hamaiketakoa.
  • 13:00. Umeen bazkaria
  • 17:00. Ginkana.
  • 18:30. Txokolatada.
  • 19:00. Jon Urbieta disko jartzailea.

(Argazkiak: Utzitakoak)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide