18:00ak jotzearekin bota dute amabirjinen hasierako txupinazoa Aizarnan. Urtero legez, aurten jaiotako umeen gurasoek bota dute festen hasierako suziria, eta segidan, karropoteoa egin dute hainbat lagunek. Herritarrak mozorrotuta atera dira kalera, uda gaitzat hartuta; hain zuzen, jantzi koloretsuak soinean zituztela elkartu dira plazan.
Herri afaria egingo dute 21:00etan, Euskal Parrillaren eskutik, eta gero dantzarako tartea izango dute aizarnarrek. Izan ere, Olgetan taldearen erromeriaz eta DJ Patxen emanaldiaz gozatu ahal izango dute.
Igandera arte, festa
Bihar izango da festetako egun handia, Amabirjin eguna, zehazki. Pilota partidekin ekingo diote egitarauari. Lehenik Lizarraldek eta Telleriak Bergararen eta Aranbururen aurka neurtuko dituzte indarrak, eta gero, Eritz Egigurenek eta Apezetxeak Lizarralde eta Paul Egiguren izango dituzte aurrez aurre. Hirugarren norgehiagokan Aimar eta Urtzi Egiguren zein Txapei eta Alonso ariko dira nor baino nor. Gero meza izango da Aizarnako elizan, eta arratsaldean, herritarren arteko herri kirol saioa egin ostean, Izer eta Alabierren erromeria izango da gauean.
Etzi, berriz, Aizarnan hain entzutetsua den oilasko biltzea egingo dute goizean goiz hasita, eta krosa ere bai gaztetxoek. Gero paellada egingo dute, eta Obaneuke taldearen erromeria ere izango da. Goizaldean, berriz, DJ Patxek jarriko du musika.
Igandea izango da festetako azken eguna, eta umeei zuzendutako egitaraua izango da, batez ere, egun horretan. Txupinazoa botako dute haurrek goizean, eta gero, besteak beste, zirko tailerraz, bazkariaz, ginkanaz, txokolatadaz eta Jon Urbieta DJaren emanaldiaz gozatu ahal izango dute txikienek.
Hona hemen datozen egunetako egitaraua:
Bihar, ostirala, Amabirjin eguna
- 11:45. Pilota partidak. Lizarralde eta Telleria Bergararen eta Aranbururen aurka ariko dira. Gero, Eritz Egigurenek eta Apezetxeak Lizarralde eta Paul Egiguren izango dituzte aurrez aurre, eta Aimar nahiz Urtzi Egigurenek Txapeiren eta Alonsoren kontra jokatuko dute.
- 12:30. Meza nagusia.
- 18:00. Herritarren arteko herri kirolak.
- 22:30. Izer eta Alabier.
Etzi, larunbata
- 07:30. Oilasko biltzeko irteera.
- 11:00. Umeen eta gaztetxoen krosa.
- 12:00. Paellada.
- 22:30. Obaneuke erromeria.
- 03:00. DJ Patx.
Abuztuak 17, igandea, Umeen eguna
- 11:00. Umeen txupinazoa.
- Jarraian, zirko tailerra.
- 11:30. Jubilatuentzako hamaiketakoa.
- 13:00. Umeen bazkaria
- 17:00. Ginkana.
- 18:30. Txokolatada.
- 19:00. Jon Urbieta disko jartzailea.