Masters Caixabank txapelketako lehen mailako norgehiagoka izan zen atzo Zestoan, bezperan, hezetasuna tarteko, pilota jaialdia bertan behera utzi ostean. 200 bat lagun elkartu ziren Gurutzeaga frontoian, txapelketako partida ikusteko.
19:00etan hasi ziren neurketak, kantxaren ondoan hiru haizagailu jarrita. Lehen neurketa txapelketatik kanpokoa izan zen, eta nor baino nor aritu ziren Egiguren V.a eta Gabirondo Alberdi II.aren eta Lizeagaren kontra. Egiguren V.a eta Gabirondo nagusitu ziren, 22 eta 18.
Bigarren partida txapelketakoa izan zen, Masters Caixabank lehiakoa eta lehen mailakoa. Ikusmina piztu zuen neurketak, eta Larrazabal eta Rezusta aise gailendu ziren. Hasieratik izan ziren nagusi, eta 22 eta 7 hartu zituzten mendean Urrutikoetxea eta Martija. Jaialdia egunez aldatuta, Artolaren ordez aritu zen Urrutikoetxea atzokoan. Garaipena tarteko, txapelketako lehen puntua eskuratu zuten Larrazabalek eta Rezustak.
Bihar, Azkoitian
Txapelketako bosgarren jardunaldiko jaialdietako bat Azkoitian izango da biharm Andremari egunez. Jaien barruan antolatu dute hitzordua, eta bi partidaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek Gurea pilotalekuan, 17:30etik aurrera.
Aurreneko partidan, B Serieko txapelketako lehia jokatuko dute: batetik, Peña II.a eta Gabirondo ariko dira; eta bestetik, Senar eta Tolosa. Goi mailako partidan, A Serieko txapelketari dagokionean, Altuna III.ak eta Imazek Zabalaren eta Mariezkurrena II.aren aurka jokatuko dute.
Andremarietako pilota jaialdirako sarrerak salgai daude oraindik ere, Entradas Fronton atarian. Kantxako sarrerak 35 euro balio dute, eta goiko solairukoek nahiz errebotekoek, 25 euro. Dena den, agortzen ez badira, jaialdiaren egunean ere salduko dituzte sarrerak Gureako leihatilan. ETB1en emango dute, gainera, jaialdia.