Gaur egingo dute hezetasuna tarteko atzo bertan behera utzitako pilota jaialdia

Julene Frantzesena 2025eko abuztuaren 13a

Pilota bat frontoi batean.

Masters Caixabank txapelketako norgehiagoka bat eta bigarren mailako pilota partida bat bertan behera utzi zituzten atzo, Gurutzeaga frontoiko kondentsazioak eraginda. Gaur jokatuko dituzte bi neurketak, 19:00etan hasita. Sarrerak Zestoako turismo bulegoan erosi eta gaur jaialdira joaterik ez dutenei dirua itzuliko diete udaletxean.

Hezetasuna tarteko, lehen partida hasi eta gutxira, bertan behera utzi zuten atzo Zestoako pilotalekuan jokatzekoak ziren pilota jaialdia. Udalak azaldu duenez, tenperatura altuen eraginez, bat-bateko kondentsazioa izan zen pilotalekuan, eta kantxa eta hormak egoera txarrean geratu ziren.

Hori dela eta, gaur, 19:00etan hasita jokatuko dituzte atzo bertan behera utzitako bi partidak. Lehen partida, atzo hasi egin bazuten ere, osorik jokatuko dute gaur; ez dituzte kontuan hartuko atzo lortutako tantoak. Lehia horretan Egiguren V.a eta Gabirondo Alberdi II.aren eta Lizeagaren kontra ariko dira. Ondoren, Masters Caixabank txapelketako neurketa izango da –Masters A Seriekoa–, eta Urrutikoetxeak eta Martijak Larrazabal eta Rezusta izango dituzte aurrez aurre.

Sarrerak Zestoako turismo bulegoan erosi eta gaur jaialdira joan ezin dutenei dirua itzuliko diete gaur, 08:30etik 14:00etara, udaletxeko harrera bulegoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide