Bihar, asteartea, pilota jaialdia izango da Zestoako Gurutzeaga pilotalekuan. Masters Caixabank txapelketako lehia izango da bi partidetako bat. Udako esku pilota txapelketan punta-puntako pilotariak ari dira parte hartzen, eta Zestoan izango da hitzorduetako bat, 19:00etatik aurrera.
Hain zuzen ere, lehen partida, txapelketatik kanpokoa, Egiguren V.ak eta Gabirondok jokatuko dute Alberdi II.aren eta Ugartemendiaren kontra. Lehen mailako partidan, Master Caixabank txapelketako laugarren jardunaldikoan, Artolak eta Martijak Larrazabalen eta Rezustaren aurka neurtuko dituzte indarrak.
Oraindik ere eros daitezke biharko partidetarako sarrerak: Zestoako Turismo Bulegoan ere, hogei eurotan. Bihar lehiatilan ere erosi ahal izango dira, 30 euroren trukean, baita Interneten ere.
Azkoitian, ostiralean
Bosgarren jardunaldiko jaialdietako bat Azkoitian izango da datorren ostiralean, Andremari egunean. Jaien barruan antolatu dute hitzordua, eta bi partidaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek Gurea pilotalekuan, 17:30etik aurrera.
Aurreneko partidan, B Serieko txapelketako lehia jokatuko dute: batetik, Peña II.a eta Gabirondo ariko dira; eta bestetik, Senar eta Tolosa. Goi mailako partidan, A Serieko txapelketari dagokionean, Altuna III.ak eta Imazek Zabalaren eta Mariezkurrena II.aren aurka jokatuko dute.
Andremarietako pilota jaialdirako sarrerak salgai daude oraindik ere, Entradas Fronton atarian. Kantxako sarrerak 35 euro balio dute, eta goiko solairukoek nahiz errebotekoek, 25 euro. Dena den, agortzen ez badira, jaialdiaren egunean ere salduko dituzte sarrerak Gureako leihatilan. ETB1en emango dute, gainera, jaialdia.