Bost urteko etenaren ondoren, iraileko azken igandean jokatuko dute Akoako Bira mendi lasterketa

Andoni Elduaien 2025eko uztailaren 21a

Duela urte batzuk egindako probako argazkia. (Guka)

Azken bost urtean etenda izan den proba berreskuratuko dute Zestoan. Gainera, izena emateko epea zabalik da dagoeneko. Hilaren 30era arte, zestoarrek izango dute horretarako aukera, eta ordutik aurrera, gainerako guztiek.

Irailaren azken igandean, hilaren 28an, jokatuko dute Zestoan Akoako Bira mendi lasterketa. Zenbait urtez etenda egon eta gero, aurten berreskuratu egingo dute Akoa auzoan hainbat urtez egin izan den proba. Guztira, 10 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek, eta 380 metroko desnibela gainditu. Mendi lasterketa izanda, gainera, mendian zehar ere igaro beharko dute parte hartzaileek aurten. 

Hain justu, dagoeneko zabaldu dute lasterketarako izen-ematea. Zestoarrek hilaren 30era arte izango dute proban izena emateko aukera. Horretarako interesa dutenek herriko kiroldegira jo beharko dute izen-emate papera betetzera eta ordainketa egitera. Hilaren 31tik aurrera, berriz, Zestoatik kanpo bizi diren gainerako herritarrek eman ahal izango dute probarako izena.

Gutxieneko baldintza batzuk zehaztu dituzte antolatzaileek. 18 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute soilik lasterketan, baina zestoarrentzako adin muga bi urte malgutu dute. Hori hala, 16 urteko zestoarrek ere izango dute lasterketan ateratzeko aukera. Guztira, 150 lagunek eman ahal izango dute izena, lagun kopuru horrentzako plazak jarri baitituzte eskuragai. 

Aurten, hamabosgarrenez egingo dute mendi lasterketa hori Zestoan. Pandemiak eten zuen Akoa auzoan barrena egin ohi den bira 2020. urtean, eta 2022an proba bertan behera utzi zuten antolatzaileek. Bost urteko etenaren ondoren, beraz, zestoarrak gorriz borobiltzeko moduan izango dira iraileko azken igandea. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide