Zestoako Zaintza Sareko ordezkariek herrian egiten ari diren lanaren berri eman zuten atzo, asteazkena, EHUren Udako Ikastaro batean. Zehazki, Zainketen Tokiko Ekosistemak: komunitatea, lurraldea eta berrikuntza izeneko ikastaroan parte hartu zuten, Hernani, Donostia, Usurbil, Pasaia eta Urretxuko zaintza ekosistemak ere aurkeztu zituzten mahai-inguru batean.
Egungo zaintza beharrei erantzuteko asmoz, Gipuzkoako Foru Aldundia Zaintza HerriLab estrategia ari da garatzen lurraldeko udalerri batzuetan, eta Zestoa da sare horretako kideetako bat. Herriko hainbat elkarte eta eragilerekin lankidetzan, Zestoako Udala joan zen agintaldian hasi zen zaintza sistemaren inguruan gogoeta egiten, eta zahartzeari nahiz bakardadeari aurre egiteko proiektuak martxan ditu geroztik.