Caravan Parkeko pabiloia bete du Zestoako Antzerki Asteko lehenengo emanaldiak

Maddi Txintxurreta 2025ko eka. 25a, 12:59

Ehun pertsona baino gehiago joan ziren Eromen Produkzioak etxearen Highlanderra antzezlana ikustera. Gaur, Senza un perché lana aurkeztuko du Zestoako taldeak, 20:30ean.

Hasiera hobeezina izan zuen atzo, asteartea, Zestoako Antzerki Asteak (ZAA). Eromen Produkzioak-ek Highlanderra antzezlana aurkeztu zuen, eta Caravan Parkeko pabiloia bete zuten ehun ikusle baino gehiagok.

Antolatzaileek balorazio "ezin positiboagoa" egin dute ZAAren hasieraz. Entradium atarian salgai jarri zituzten sarrerak, eta bi egunera agortu ziren antzerki astean eskainiko diren sei emanaldietatik bostekoak. Soilik zapatuko Atearen beste aldean antzezlanerako sarrerak geratzen dira; Hika Teatroak sortutako lan mutua da hori.

Zestoan antzerkia emateko espaziorik ez dagoenez, urtero areto bat muntatzen dute antolakuntzako kideek, eta hala egin dute aurten ere. Caravan Parkeko pabiloietako batean muntatu dituzte eszenatokia eta harmaila, eta ehun lagun ingururentzako tokia egin dute. Pozik daude, beraz, atzokoan aretoa bete zutelako.

ZAAren aurtengo edizioan, sei antzerkietatik lau etxeko taldeak sortu ditu, Eromen Produkzioakek. Lehenengo hiru egunetako emanaldietako aktoreak amateurrak dira, Zestoako eskolakoak. Gainera, aurten, antzezlanen ostean solasaldiak egiten ari dira lehenengoz aktoreekin, eta zizka-mizkarako tartea hartzen dute gero.

Gaur, Senza un perché lana aurkeztuko du Eromen Produkzioak-ek, 20:30ean.

Egitaraua

Hona hemen, 2025eko Zestoako Antzerki Astearen egitaraua:

Gaur, asteazkena

  • 20:30. Senza un perché lana plazaratuko du Eromen produkzioakek, Caravan Parken.

Bihar, osteguna

  • 20:30. Burugabeak antzezlana plazaratuko du Eromen produkzioakek, Caravan Parken.

Ekainak 27, ostirala

  • 20:30. Renata lana taularatuko du Kamikaz kolektiboak, Caravan Parken.

Ekainak 28, larunbata

  • 17:30. Hiru istorio eta makina bat lana plazaratuko du Eromen gazte taldeak, Caravan Parken.
  • Ondoren, Atearen beste aldean antzezlana plazaratuko du Hika Teatroak, Caravan Parken.

Argazkiak: Eider Iturriaga

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide