Bigarren eskuko azoka eta zumba saioa egin dituzte Arroabean

Maddi Txintxurreta 2025ko eka. 22a, 13:02

Erabiltzen ez dituzten arropak eta tresnak nahiz eskuz aldatu nahi dituzten liburuak saltzen jarri dituzte hainbat herritarrek Arroabeko frontoian. Bitartean, zumba ikastaroetan aritzen direnak dantza egin dute.

Sanjoanak ate joka diren honetan, zaharrak sutara bota eta berriak ekartzeko unea dela dio usadioak eta, filosofia horrekin, bigarren eskuko azoka egin dute gaur goizean, igandea, Arroabean. 11:30etik aurrera, hainbat herritarrek erabiltzen ez dituzten arropak, haurrentzako jolasak eta bestelako tresnak salgai jarri dituzte frontoian, baita eskuz aldatu nahi dituzten liburuak ere.

Elena Etxeberria auzotarraren ekimenez antolatu dute lehenengoz bigarren eskuko azoka. Arroabeko bizilagun ataundar horrek azaldu duenez, egungo "eredu kontsumistan" jendea ohituta dago gauza berriak erostera, baina ez hainbeste zaharrak berrerabiltzera. Horregatik otu zitzaion azoka egiteko ideia eta, Zestoako Udalaren babesarekin, martxan jartzea lortu du.

Frontoian jendea postu desberdinak kuxkuxeatzen zegoen bitartean, Arroabeko zumba ikastaroetan aritzen den taldeak dantzaldia eskaini du jendaurrean. Musikak deituta, hainbat herritar hurbildu da emanaldia ikustera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide