Estatu espainiarreko hainbat lekutako zaleek haien tren txikiak ekarri dituzte Iraetara, bertako zirkuituan ospatzen ari den urteroko topaketan erakusteko. 20 tren inguru daude ikusgai, Valentzia, Katalunia, Valladolid, Asturias, Zamora eta Frantziatik ekarritakoak.
Iraetako Trena elkarteko arduradunek azaldu dutenez, Zestoako auzora ekarritako tren gehienak elektrikoak dira, bateriarekin funtzionatzen dutenak, baina ikatzarekin funtzionatzen duten baporezko bost tren ere badira.
Hamar urte dira Iraetako tren txikiaren zirkuitua martxan jarri zutela, eta bederatzigarrenez ospatzen ari dira gaur, zapatua, Trenen Topaketa. Zestoako auzo horretan egiten den eran, Katalunian, Iruñean edo bestelako txokoetan egiten diren topaketetara ere joaten dira Iraetako Trena elkarteko zaletuak, elkar ezagutu eta harremanak sendotzeko.
Goizean trenen erakusketa egin ondotik, elkarrekin bazkalduko dute zaletu guztiek, eta arratsaldean, 17:00etatik 19:00etara, trenen gainean ibiltzeko aukera izango dute herritarrek.