Zestoako Futbol Taldeko zuzendaritza arazoak izaten ari da datorren denboraldirako nesken taldeak osatzeko. Kadeteen mailako taldean behar dute jende gehien, gaur gaurkoz izena eman duten jokalarien kopuruarekin ez baitakite taldea osatzeko aukerarik izango duten ala ez. Hala ere, adin guztietako neskak animatu dituzte Zestoako taldeetan jokatzera. Uztailaren 1a baino lehen eman daiteke izena klubean.
“Talde bakoitzeko hemezortzi jokalarientzako deialdiak egiten ditugu normalean, zeren partida luzeak dira, fisikoki nekagarriak. Batez ere kadeteen kasuan, zortziko taldeetan jokatzetik baitatoz. Hamaikako taldean jokatzera igarotzea salto handia da”, adierazi du Jon Mikel Olmos Zestoako Futbol Taldeko koordinatzaileak. Beraz, 2009 eta 2011 urte artean jaiotako neskak klubeko arduradunekin harremanetan jartzera gonbidatu ditu.
Jon Mikel Olmos: “Ateak irekita ditugu. Ahal duguna eta gehiago egingo dugu Zestoako neskek gure taldeetan jokatu dezaten”.
Amaitu berri den denboraldian, infantilen talderik ez du izan Zestoako Futbol Taldeak. Kategoria horretan jokatzeko adina zuten hiru neskak eman zuten izena iaz, eta haiei jokatzeko aukera emateko asmoz, kadeteen taldean sartu zituen zuzendaritzak. Aurten, berriz, infantilen taldea sortuko dutela iragarri du Olmosek, hala ere, jokalari gehiago izatea komeniko litzakeela adierazi du, soilik zortzik agertu baitute oraingoz jokatzeko asmoa.
“Katea eten ez dadin”
Azken denboraldian, orotara, 220 pertsonak jokatu dute Zestoako Futbol Taldean, futbol eskolakoak barne, eta gehiago izango dira aurten, 240 inguru, jubenilen kategorian mutilen talde bat gehiago sortuko dutelako. Guztien artean, 45 jokalari inguru izango dira neskak.
Ez da Zestoako Futbol Taldeak nesken ekipoak osatzeko arazoak dituen lehen aldia. Duela bi urte preferenteen taldea desagertu zen, eta horrek, Olmosen ustez, atzera botatzen ditu neska gazteagoak. “Batzuek nahiago dute Zumaiakora joan, adibidez, han preferenteen taldea dagoelako”, esan du.
Alta, Zestoan nesken futbolak biziraun dezan, kategoria baxuenetan jokalariak behar direla nabarmendu du, “katea eten ez dadin”. “Preferente mailako talderik ez dagoelako kadeteen taldea desagertzen bada, agian, infantilen taldea desagertu daiteke kadeteen talderik ez dagoelako”, agertu du. “Hori pena litzateke -gaineratu du koordinatzaileak-. Azken denboraldian jendea oso gustura egon da kadeteen kategoriako neskekin, oso giro ona izan dute. Benetako pena litzateke kate hori apurtzea eta hemengo neskek txikitatik esatea, adibidez, Zumaiara joango direla jokatzera, Zestoan preferenteen talderik ez dagoelako. Ez dugu egoera horretara iritsi nahi”.
Zestoako Futbol Taldearen zuzendaritzak kategoria guztietako taldeak egon daitezen nahi du, horregatik, adin guztietako neskei eta emakumeei dei egin diete talde zuri-beltzaren elastikoa jantzi dezaten, esperantza argi batekin: 2025/2026 denboraldian, Zestoak infantilen, kadeteen eta preferenteen nesken taldeak izan ditzan.
Izan ere, Jon Mikel Olmosek agertu du Zestoako Futbol Taldearen arduradunek “beso-zabalik” hartuko dituztela klubean jokatu nahi duten neska guztiak, berdin zestoarrak ala inguruko herrietakoak badira. Esan duenez, sarritan, neskak ez dira futbolera animatzen beste kirol batzuk aukeratzen dituztelako. Zuzendaritzaren ustez, ordea, futbola bateragarria izan daiteke beste kirol batzuekin; areago, kirolen arteko lehia alboratu beharko litzatekeela iritzi du koordinatzaileak. Horregatik, inork entrenamenduetako ordutegiekin-edo arazorik izango balu, malgutasuna eskainiko dutela ziurtatu du: “Dena hitz egin daiteke eta guk ahalegin guztiak egingo ditugu hemen jendea gustura egon dadin”.
“Ateak irekita ditugu. Ahal duguna eta gehiago egingo dugu Zestoako neskek gure taldeetan jokatu dezaten”, adierazi du Jon Mikel Olmosek.