Indamendiko gainetik Altzolarats bailarara, txoko desberdinak ezagutu dituzte Zestoako mendizaleek

Maddi Txintxurreta 2025ko eka. 21a, 12:00

Zestoako Ibilaldi Neurtuaren 23. edizioan, bi ibilbide izan dituzte aukeran mendizaleek: luzea, 27 kilometrokoa, eta laburra, 20 kilometrokoa. Mendi-bide desberdinak ezagutzeko aukera eman die Agiro mendi klubak antolatutako ekimenak.

Agiro mendi klubak antolatuta, Zestoako Ibilaldi Neurtua egin dute gaur, larunbata, herriko 145 mendizalek. Gehienek ibilbide laburra egin dute, baina hainbat animatu dira luzea egitera.

Bezperako bero sapak ez ditu kikildu Zestoako mendizaleak, eta goizean goiz abiatu dira Agiro mendi klubak antolatzen duen ibilbidearen 23. ediziorako proposatutako mendi buelta egitera. Mendiaz gozatzeko aukeraz gain, herriko mendi-bide desberdinak ezagutzera emateko helburua du Zestoako Ibilaldi Neurtuak, eta hala egin dute aurtengo edizioaren ere.

Ibilbide luzekoak izan dira goiztiarrenak: 07:00etan abiatu dira herritik, 27 kilometro eta 504 metroko desnibela dituen ibilbidea egiteko. Ordubete beranduago abiatu dira 20 kilometroko eta 458 metroko desnibela duen ibilbidea aukeratu duten herritarrak.

Hasteko, Zestoatik Aizarnazabalerako bidea egin dute mendizaleek, Iraetatik igarota. Indamendira iristeko aldapan eskertuko zuten eguzkiak ezkutuan mantentzeko egindako hautua, eta, gero, Agirokoek hamaiketakoa eman dute Urdanetan behelaino artean, parte hartzaileek jatekoarekin indarrak hartu zitzaten eta edatekoarekin freskatu zitezen. Beherakoan, Altzolarats bailaran, errekan freskatzeko aukera izan dute, berriz ere gora egiteko, Aizarna aldera.

Ibilbide luzekoak Santa Engraziako ermitara igo dira, gero Aizarnatik Zestoara jaisteko; ibilbide motzekoak, aldiz, Aizarnatik zuzenean egin dute herrira, ermitara igo gabe.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide