Agiro mendi klubak antolatuta, Zestoako 23. Ibilaldi Neurtua egingo dute bihar. Herriko txokoak eta ibilbideak ezagutarazteko asmoz antolatu ohi du Agirok Ibilaldi Neurtua, eta, ohi bezala, mendizaleek bi ibilbide izango dituzte aukeran: motza eta luzea. Ibilbide motzak 20 kilometro eta 458 metroko desnibela izango ditu, eta luzeak 27 kilometro eta 504 metroko desnibela. Aurten, berrikuntza gisa, bi bideek bat egingo dute ibilaldiaren zati batean, eta mendizaleek elkarrekin egingo dituzte hainbat kilometro, herriko mugak ezagutuz.
Ibilbide luzeko parte hartzaileak 07:00etan aterako dira Zestoako plazatik; motzekoak, aldiz, 08:00etan. Oinez 27 kilometroko bidea osatuko dutenek Zestoa-Aizarnazabal-Indamendi-Urdaneta-Bekola-Santa Engrazi-Aizarna-Zestoa ibilbidea egingo dute. Ibilbide motzekoak, berriz, ez dira Santa Engrazira igoko, eta Bekolatik zuzenean Aizarnara hartuko dute horiek.
Eguraldi beroa dago iragarrita biharko, baina Agiroko kide Mikel Irurek nabarmendu du "jateko eta edateko nahikoa material" izango dela bertaratzen direnentzat. Lasai egoteko deia egin du: "Ura ez ezik, Lagun Onak mendi bazkunakoek emandako jatekoa eta edatekoa ere eskainiko ditugu Urdanetan eta Aizarnan. Bidean zehar hainbat iturri ere badaude, eta egarri denak ura eskura izango du". Era berean, esan du Altsolaratz inguruetan presa ederra dagoela freskatu nahi dutenentzat: "Ziur bakarren batzuk animatuko direla bainua hartzera". Agirokoen helburua da "bide eta txoko berriak ezagutaraztea eta mendiaz gozaraztea", eta asmo horrekin antolatu dute aurtengo edizioa ere.
Dena prest dute hitzordurako, eta atzo gauean itxi zuten izen ematea. Jakinarazi dutenez, 150 lagun inguru espero dituzte, orotara. Atzo arratsaldean, 59 lagunek zuten izen ematea eginda ibilbide luzerako eta 74k motzerako. Nabarmendu dute ezin dela izen ematea egunean bertan egin, horrek "eragina baitauka antolakuntzan".
Aurtengo bi ibilbideen inguruko xehetasunak, hemen:
