Bizimodua AEBetara mudatuta

Maddi Txintxurreta 2025ko eka. 19a, 09:18

Mari Artano eta haren familia, Bostonen. (Utzitakoa)

Mari Artano zestoarrak urtebete darama AEBetan bizitzen, Iñigo Aizpurua senarrarekin eta hiru seme-alabekin batera. Zestoan dago orain, baina datorren ikasturtean hara egingo du berriz, Framingham hirira.

Ez da erronka makala hiru seme-alabak hartu eta aldi baterako bizitza Estatu Batuetara mudatzea. Ez da ohikoena, gainera, halako egonaldi bat abenturaren plazerez abiatzea, aldaketa aukeratzea. Bada, duela urtebete, erabaki hori hartu zuten Mari Artano eta Iñigo Aizpurua zestoarrek, Martin, Kattalin eta Karen seme-alabekin batera. Geroztik, Framinghamen bizi dira, Massachusetts estatuan basoak inguratzen duen eta neguak izozten duen hirian.

"Iñigo eta ni dezente ibili gara atzerrian, lehen bakoitza bere aldetik eta gero elkarrekin ere bai; bi urtez Indian bizi izan ginen elkarrekin. Beti izan dugu grina hori, eta azkenaldian askotan adierazi nion Iñigori kanpora egiteko gogoa", kontatu du Mari Artanok, herriko zerbitzari ezagunak ateratako infusioa hoztu zain dagoen bitartean. Gogo horri jaramon egin eta Espainiako Hezkuntza ministerioak martxan duen programa baten eskutik egin zuen familiak Estatu Batuetara. Programa horrek gehienez ere bost ikasturtez Estatu Batuetako hezkuntza zentroetan lan egiteko abagunea ematen die Espainiako Estatuko irakasleei, eta Iñigo Aizpurua Lanbide Heziketako irakaslea denez, aukera horri heldu zion Zestoako familiak. Ikasturte amerikarra amaituta, Zestoan igaroko du udara familiak, baina irailean bueltatuko da Framinghamera.

Zerotik hastea

Bostekoa Framinghamera iritsi zenean, iazko abuztuaren 1ean, sorpresa atsegina hartu zuen. Basoaren bihotzean sortutako 70.000 biztanle inguruko herria da, "leku ederra", Artanoren arabera. Baina toki berrietara egokitzea ez da erraza izaten, batez ere 10, 6 eta 2 urteko haurrekin. "Abentura, letra larriz"; horrela definitu ditu Artanok Massachusetts estatuko hirian egin zituzten lehenengo hilabeteak. "Zerotik hasi behar izan dugu bizitza. Ailegatu ginenean, dena genuen egiteko. Auto bat erosi behar genuen, gero, gainera, izorratu egin zitzaigun; garabiak, aseguruak, garajeak, Interneta, bankuak, erosketak, eskolak... Mila gauza kudeatzen ikasi behar izan dugu", adierazi du.

Espazioa, kultura, lana, jendea eta bizimodua, dena zen berri familiarentzat, dena desberdin, sorterriko ohituren aldean. Dena da hain baso, etxeak isolatu samar daude eta, ondorioz, halakoa da hango bizimodua ere, Artanok azaldu duenez: "Oso polita da, baina alde guztietara kotxez joan behar duzu. Jendearekin elkartzea ere zailagoa da, ez dago komunitate izaera hori. Etxe gehienek lorategia dute, eta lorategi gehienek parkea; beraz, herriko parke publikoak oso hutsak egoten dira, hasieran asko harritu ninduen horrek". Martin semeari entzundako esaldiak deskribatzen du ondoen Framingham, Artanoren ustez: "Zera esan zuen behin: 'Hemen ez daude kaleak, hemen errepideak daude'".

"Iñigoren ikasle bat atxilo daukate, eta nik faltan izan dut gizatasuna"

Artanoren arabera, ez da erraza harreman sare berriak sortzea; horregatik, Hezkuntza ministerioaren programan parte hartu duten gainontzeko irakasleak dituzte gertukoen. "Amerikarrekin gehiago kostatzen da. Orain hasi gara harremana egiten ikasturte osoan zehar kointziditu dugun gurasoekin, baina hasierako sentsazioa zen oso desberdinak garela", adierazi du.

Aisialdia, beraz, beste era batekoa da Zestoako familiarentzat. Neguan, adibidez, izotzetan patinatzera joaten dira, hiriko lakuak izoztu egiten baitira urtero. "Zero azpitik 18 graduko tenperaturak egiten ditu!", ohartarazi du. Horrez gain, dezente bidaiatu duten azken urtean, besteak beste, New Yorkera, Bostonera eta kostaldea ezagutzera.

Artano eta umeak, Framinghamen izoztutako lakuan. (Utzitakoa)

Urtebeteren ostean, hango "martxa hartuta" du Zestoako familiak. Artanok, naturopata ofizioz, masajeak ematen dizkie bezeroei etxean, eta Aizpuruak teknologiako klaseak ematen dizkie 12 urtetik gorako gazteei. Baina irakasteko modua, baita ikasleekin harremantzeko erak ere, oso desberdinak direla kontatzen du Aizpuruak, haren emazteak esan duenez: "Kontatzen du ezin zaiela eskatu isilik egoteko, askok ez dutela batere kasurik egiten, edo ez dela ohikoa ikasle bati suspenditzea eta irakasleek ez dutela horrelako egoerei aurre egiteko tresnarik. Sariekin funtzionatzen dute asko: ondo portatzen bazara, tori saria. Badakizu ez dela betirako lana eta egokitu egiten zara, baina gatazka eragiten dizu horrek".

Noski, alde onak ere baditu Massachusettseko hezkuntza sistemak, eta horietan onenak, Artanoren ustez, hezkuntzara bideratzen diren baliabide duinak eta arte diziplinei ematen dieten garrantzia dira. "Adibidez, bosgarren mailatik aurrera, ume bakoitzak nahi duen musika tresna aukeratzen du eta astean ordubete ematen du hori jotzen ikasten", esan du.

Magnatearen eragina

"Eskandalu handirik ez", baina urtarrilean Etxe Zuria berreskuratu zuen magnatearen eraginak nabaritu dituzte Artanok eta Aizpuruak. Zera esan zion lagun batek Artanori, kezkatuta: "Ez dira, bada, Estatu Batuetan atzerritar izateko garai onenak". Naturopatak kontatu duenez, Donald Trump presidente izendatu zutenez geroztik migranteen kontrako atxiloketak ikusi izan dituzte, horietako bat oso gertutik, gainera. "Iñigoren ikasleetako bat atxilo daukate, 13 urteko neska bat. Beste estatuko zentro batean daukate eta gurasoek ez dute informaziorik. Hori dena eskolan eskandalurik sortu gabe gertatu da, diskrezioz. Horrek asko harritu nau, baina egia da beldurra dagoela. Jaso ditugu oharrak eskolaren zuzendaritzaren partetik informatuz migrazioaren Polizia eskolan sartzen bada zenbait gauza ezin dituztela egin, eta nik faltan izan dut gizatasun pixka bat, edo zera esatea: 'Gure ikasleak dira eta defendatu egingo ditugu'", azaldu du.

"Zera esan zuen semeak: 'Hemen ez daude kaleak, errepideak daude'"

Susmoa du gainera, bere familia Framinghamera eraman duen programa arriskuan egon daitekeela. Izan ere, Estatu Batuetara joan diren irakasle gehienek gaztelaniaz ematen dituzte klaseak biztanle asko latinoamerikarrak direlako, eta funtsean, Trumpek latinorik eta gaztelerarik ez duela nahi uste du zestoarrak. "Irakasle batzuek badute beldur hori", ziurtatu du.

Beste negu bat

Artano ez da damutzen Estatu Batuetara eraman zuen bultzadari kasu egiteaz. Gustura dago boskotea Framinghamen bizitzen ari den abenturarekin, eta ingelesa soilik ez, halako esperientzia batek beste gauza asko ikasteko parada ematen duela defendatu du hark, kasurako, familia batzeko era bat dela iritzi dio. Horregatik, itzulerarako datarik ez dute jarri momentuz, eta baso izoztuan igaroko dute datorren negua ere. "Oso esperientzia polita da", zineztu du, betiko tabernako infusioari azken hurrupa eman aurretik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide