Itxaropenakoek Arabako dantzak plazaratuta agurtu dute ikasturtea

Aitziber Arzallus 2025ko eka. 15a, 13:40

Euriagatik, Gurutzeaga pilotalekuan egin dute emanaldia, eta ez Laranjadi plazan. 50 bat dantzari plazaratu ditu Zestoako dantza taldeak, eta bost musikari aritu dira haiei laguntzen.

Atzo, zapatua, ikasturte bukaerako jaialdia egin zuen Zestoako Itxaropena dantza taldeak. Berez Laranjadi plazan egitekoak ziren emanaldia, baina Gurutzeaga pilotalekuan egin zuten azkenean, eguraldiak laguntzen ez zuelako. Asko izan ziren ikuskizunak erakarrita bertaratu ziren herritarrak.

Aurtengoan Arabako dantzak hautatu dituzte ikasturte bukaerako emanaldirako, eta horregatik, Araba, zazpigarren alaba izenburua jarri zioten ekitaldiari. Hain zuzen ere, Arabako bederatzi herritako dantzak eskainiko zituzten: Oion, Eltziego, Arrastaria, Ekora, Añana, Guardia, Paganos, Villabuena eta Kuartango. Katximorro izeneko pertsonaiak harilkatuko zituen, gainera, dantzarien eta musikarien lanak dantzetako askotan.

Haur, gazte zein heldu, 50 bat dantzari plazaratu zituen Itxaropenak Gurutzeagako kantxara, eta bost musikari ariko ziren haiekin. Arabako dantzak izaki, dultzaina eta danbor hotsak nagusi izango ziren atzo arratsaldeko ikuskizunean, baina txistua, soinua eta atabala ere ez ziren falta izan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide