Arabako dantzekin agurtuko du ikasturtea Itxaropenak, zapatuan

Mailo Oiarzabal 2025ko eka. 12a, 09:48

Itxaropenakoak, joan den urteko ikasturte amaierako jaialdian. (Mailo Oiarzabal)

Laranjadi plazan egin dute etzirako hitzordua Zestoako dantza taldekoek (18:30), baina euria bada kiroldegian eskainiko dute ikuskizuna. Araba, zazpigarren alaba izena jarri diote.

Etzi, zapatua, egingo du Itxaropena dantza taldeak ikasturte amaierako jaialdia. 18:30ean egin dute hitzordua Zestoako dantza taldekoek Laranjadi plazan, baina eguraldia lagun ez badute, kiroldegiko frontoian egingo dute jaialdia.

Araba, zazpigarren alaba izena jarri diote Itxaropenakoek aurtengo ikasturte amaierarako prestatu duten ikuskizunari. Izan ere, lurralde horretako dantzekin osatu dute emanaldia. Hain zuzen ere, Arabako bederatzi herritako dantzak eskainiko dituzte etzi: Oion, Eltziego, Arrastaria, Ekora, Añana, Guardia, Paganos, Villabuena eta Kuartango. Katximorro izeneko pertsonaiak harilkatuko ditu dantzarien eta musikarien lanak dantzetako askotan.

Haur, gazte zein heldu, 50 bat dantzari plazaratuko ditu Itxaropenak ekainaren 14ko ikuskizunerako, eta bost musikari ariko dira horiekin; Arabako dantzak izaki, dultzaina eta danbor hotsak nagusi izango dira etziko ikuskizunean, baina txistua, soinua eta atabala ere ez dira faltako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide