Joan zen maiatzaren 29an Zestoako Eskola Agenda 2030 egitasmoaren ikasturte bukaerako udal foroa egin zuten. Arroabeko eta Aizarnako ikasle hainbat udal ordezkariekin nahiz Zestoako Udaleko ingurumen teknikariarekin elkartu ziren.
Ekoizpen eta kontsumo arduratsua gaia landu dute aurtengo ikasturtean bi eskola horietako LHko ikasleek, eta ondorio batzuk atera dituzte. Besteak beste, ondorioztatu dute herritarrek erosketa gehienak supermerkatuetan egiten dituztela, auzoko dendetan edo azoketan gutxiago erosten dutela horiek, produktuen jatorriari eta sasoikotasunari begiratzen diotela zein askotan erosotasunaren eta prezioaren arabera erosten dutela.
Zestoan, ekoizpen eta kontsumo arduratsua bultzatzeko, hainbat proposamen ere egin dituzte ikasleek. Honako iradokizun hauek egin dizkiote horiek udalari: Azpeitian duten bezalako Elikagunea zabaltzea edo bultzatzea, denda txikiak diruz laguntzea eta bertako produktuak eta produktu freskoak saltzeko azokak antolatzea.