Ekainberrik bisita bereziak egingo ditu igandean, Ekainen aurkikuntzaren 56. urteurrenean

Maddi Txintxurreta 2025eko ekainaren 5a

Zestoako Ekainberri museoa.

Igandean 56 urte beteko dira Andoni Albizuri eta Rafael Rezabalek Ekain kobazuloko margoak topatu zituztela, eta Ekainberrik haien lekuan jartzera gonbidatuko ditu herritarrak, bi bisita berezitan. 12:00etan egingo dute bat, euskaraz, eta 16:00etan bestea, gazteleraz. Gainera, aurkikuntzaren inguruko azalpenak emango dituzte eguneko bisita gidatu guztietan.

Igande honetan, ekainaren 8an, 56 urte beteko dira Andoni Albizuri eta Rafael Rezabalek Ekaingo margoak aurkitu zituztela, eta urteurrena ospatzeko eskaintza berezia antolatu du Ekainberri museoak.

Igande honetan, egun osoan zehar, Albizuri eta Rezabalen aurkikuntzaren inguruko azalpenak eman eta aurkitutako margoen garrantzia azalduko die bisitariei Zestoako museoak. Aurkikuntzaren ondoren egin ziren ikerketen inguruko informazioa emango zaie, eta bertan topatutako horma-irudien balioa azalduko dute museoaren arduradunek.

Horretaz aparte, bi bisita berezi antolatu ditu; 12:00etan egingo dute bat, euskaraz, eta 16:00etan bestea, gazteleraz. Horietan, Antxietako protagonisten larruan jarriko dira bisitariak, Ekain kobazuloan margolanak aurkitu zituzten unea biziz: erreplikako argiak itzaliko dituzte, eta bisitariek kasko eta argi propiekin ikusiko dituzte hormetako margolanak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide