Ekainaren 24tik 28ra izango da aurtengo Zestoako Antzerki Astea, eta gaurtik aurrera eskuratu ahal izango dira egun horietan izango diren antzezlanetarako sarrerak. Turismo Bulegoan salduko dituzte, eta ostegunean, gainera, kalean ere eskuratu ahal izango dira. Ostiralean, berriz, online jarriko dituzte sarrerak salgai, Entradium webgunean.
Aurtengoan etxeko taldeak izango dira nagusi Antzerki Astean. Izan ere, Eromen Produkzioakeko kideek lau antzezlan plazaratuko dituzte Caravan Parken horretarako prestatuko duten gunean. Hain zuzen ere, Amancay Gaztañagak zuzentzen duen taldeak Highlanderra, Senza un perché, Burugabeak eta Hiru istorio eta makina bat lanak aurkeztuko ditu jendaurrean. Antzerki eskaintza Kamikaz kolektiboaren Renata obrak eta Hika Teatroaren Atearen beste aldean lanek osatuko dute.
Antzezlan guztietarako bonuak 25 euroren trukean eskuratu ahal izango dira Turismo Bulegoan, eta 18 urtetik beherako herritarrek erdi prezioan eskuratu ahal izango dituzte sarrerak. Turismo Bulegoan esku diruarekin ordaindu beharko dira sarrerak, gainera. Antzerki Astearen antolatzaileen esanetan, aurtengo egitaraua adin, poltsiko eta gustu guztietako herritarrentzako prestatu dute.
Egitaraua
Ekainak 24, asteartea
- 20:30. Highlanderra antzezlana aurkeztuko du Eromen produkzioakek, Caravan Parken.
Ekainak 25, asteazkena
- 20:30. Senza un perché lana plazaratuko du Eromen produkzioakek, Caravan Parken.
Ekainak 26, osteguna
- 20:30. Burugabeak antzezlana plazaratuko du Eromen produkzioakek, Caravan Parken.
Ekainak 27, ostirala
- 20:30. Renata lana taularatuko du Kamikaz kolektiboak, Caravan Parken.
Ekainak 28, larunbata
- 17:30. Hiru istorio eta makina bat lana plazaratuko du Eromen gazte taldeak, Caravan Parken.
- Ondoren, Atearen beste aldean antzezlana plazaratuko du Hika Teatroak, Caravan Parken.