Arteagako bizilagunek prest dute ekitaldiz betetako festa eguneko egitaraua

Julene Frantzesena 2025ko eka. 3a, 11:04

Arteaga auzoko plazatxoa. (Oier Arregi)

Larunbaterako egun osoko egitaraua prestatu dute. Besteak beste, Ertxina mendira irteera, erlojupeko proba, LagunArtea ekitaldia, bazkaria, jolasak eta kontzertuak izango dira. Hilabeteak eman dituzte dozenatik gora auzotarrek egitaraua prestatzen, eta festarako ilusioz daude.

Arteaga auzoko bizilagunek festa eguna izango dute larunbatean. Izan ere, lehen aldiz, auzo horretan ekitaldiz betetako jaieguna izango dute egun osoan zehar. Hilabeteak eman dituzte dozenatik gora auzotarrek egitaraua prestatzen, eta dagoeneko prest dute dena. Hala azaldu dio Gukari Ander Pozok. Larunbata iristeko irrikaz eta festarako ilusioz daude.

"Zerbait" antolatu behar zutela-eta hasi ziren auzotar hainbat elkartzen. Hainbat urte zeramatzaten jaiak antolatzeko ideiari bueltak ematen, eta duela hilabete batzuk, Zestoako Udalera jotzea erabaki zuten. Jaiak antolatzeko argi berdea jaso zuten erakunde horretan, eta otsailean ekin zioten festa eguna prestatzeko bilerak egiteari. "Espero baino jende gehiago" joan da hitzorduetara Pozok esan duenez, "laguntzeko prestutasunarekin", eta hilabetez hilabete egitaraua ontzen joan dira horiek.

Goizetik goizaldera arteko egitaraua prestatu dute, eta emaitzarekin "oso gustura" daudela adierazi dute, nahiz eta "lan pixka bat" egin behar izan duten dena ondo lotzeko. "Nahikoa ondo funtzionatu du antolaketa taldeak; batzuk bazkariaz arduratu dira, besteak kontzertuaz, besteak erlojupekoaz... Dena prest dugu larunbaterako". Dena den, "urduri" ere badaudela esan du Pozok, Arteaga auzoko jaien lehen aldia izango delako. "Dena ondo aterako ote da... Ea eguraldiak ere laguntzen duen!", adierazi du.

Bazkari jendetsua

Arteagako festa eguna 09:30ean hasiko dute, Ertxina mendira egingo duten ibilaldiarekin. Ondoren, 10:30ean, Ertxinara erlojupeko proba egingo dute hemezortzi bat lagunek, eta ordurako han izango dira goizean tontorrera igotako lagunak. Badute arantza txiki bat jaiaren antolatzaileek; izan ere, haiek jakinarazi dutenez, ez dute erlojupekoan emakumeek parte hartzerik lortu. "Saiatu gara, hitz egin dugu batekin eta bestearekin, baina...".

Eguerdian, berriz, LagunArtean deitu duten ekitaldia gauzatuko dute auzoan bertan. Besteak beste, auzoaren izenaren eta haren bilakaeraren gaineko azalpenak emango dituzte, eta ondoren, auzoko zuhaitza neurtu eta auzoko haur jaioberriei ongietorria egingo diete. Halaber, taldeko argazkia ateratzeko ere baliatuko dute hitzordua.

Behin ekitaldi hori bukatuta, auzo bazkaria egingo dute. Antolatzaileek adieraz dutenez, 170 bat herritar elkartuko dira jan-edanaren bueltan. "Polita izango da; izan ere, hainbat belaunalditako auzotarrak eta sasoi batean auzoan bizi izandako lagunak elkartuko dira mahaiaren inguruan". Sabelak bete ostean, berriz, umeentzako jolasak, auzo poteoa eta abar egingo dituzte, eta gauean izango du segida festak. Izan ere, 21:30ean hasita, Arrixku taldearen emanaldia izango da, eta gero, Ane eta Amets musikariek erromeria eskainiko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide