Giro ederrean ari dira ospatzen Zestoa futbol taldearen estreinako eguna

Andoni Elduaien 2025ko mai. 31a, 15:56

Goiz goizetik jende ugari bildu da Iraetako futbol zelaian. Haur eta gazte ugari dabil puzgarrietan eta egunerako prestatutako jolasetan. Klubaren kolaboratzaileak eskertu dituzte. 19:00etara arte egongo da futbol zelaia zabalik.

Zestoa futbol taldea klubaren eguna ospatzen ari da gaur, zapatua; estreinako aldiz ari da Zestoako kluba bere eguna ospatzen. Denboraldia amaitu berri dela eta, Iraetako futbol zelaia festarako hartu du gaur klubak, eta adin guztietako klubeko kideentzako zein herritarrentzako ekintzak ari dira egiten.

11:00etan ireki dituzte futbol zelaiko ateak, puzgarriak jarri eta jolasak egin baitituzte bertan. Gogotik ibili da gozatzen bertaratu diren herritarrak; dena den, giza futbolinean eta billarrean ere jende ugari ibili da; garesti egon da bi txoko horietan parte hartzea.

12:30ean, berriz, jolasa eten dute, klubaren ekitaldia egiteko. Batetik, denboraldian zehar klubeko talde ezberdinek pilatutako emaitzen balantzea aurkeztu dute, eta bestetik, esker onak eman dizkiete kolaboratzaile lanetan aritu diren herritarrei.

Puzgarriak eta jolasak 19:00etara arte egongo dira erabilgarri, eta musika, janaria eta edaria ez dira faltako ordura arte.

(Argazkiak: Maddi Txintxurreta)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide