Zestoako Musika Banda 115. urteurrena ospatzen ari da joan den martxoaz geroztik, baina atzo, ostirala, kontzertu zinez berezia eskaini zuten herriko musikariek. Musika banda plaza nagusian zen kontzertua eskaintzekoa, baina hitzordua hasi aurretik ekaitz handi samarra sartu zen herrira, eta hori hala, parrokiara lekualdatu behar izan zuten kontzertua. Iragarrita zuten ordua baino zerbait beranduago hasi behar izan zuten emanaldia, baina, zain egoteak merezi izan zuen.
Musika bandak, Beñat Etxabek zuzenduta, jendeak gozatzeko moduko kontzertua eskaini zuen. Nolanahi ere, herriko zenbait kultur talde izan zituzten musika bandakoek kontzertuan, hala nola Erralla bertso eskolakoak, Itxaropena dantza taldekoak, Idiakaitz txistulari taldekoak, Eromen Produkzioak antzerki taldekoak eta herriko helduz zein umez osatutako koru bat.
Musika emanaldiak txistu alardeen estiloko formatua izan zuen. Soinu banda bat joz hasi zuten kontzertua, eta gero, Bob Marleyren kanta bat interpretatu zuten bertsolariekin. Ondoren, Laskurainen omenez egindako euskal doinuen bilduma bat eskaini zuten txistulariekin batera, eta segidan, dantzariekin, Amaiako ezpata dantza, fandangoa, arin-arina eta biribilketa jo; biribilketan, gainera, txistulariek eta koruak ere parte hartu zuten. Amaiera aldera, bertsolariekin bi kanta eskaini zituzten, eta jarraian, Euskal Herriko hainbat kantu ezagun. Kontzertua Kortaturen Sarri-sarri joz bukatu zuten.