Herriarentzako eta herritarrekin egindako kontzertua prest dute

Nerea Uranga 2025ko mai. 28a, 09:39

Zestoako Musika Bandaren kontzertu bat. (Aitziber Arzallus)

Zestoako Musika Bandaren 115. urteurrena ospatzeko kontzertu berezia emango dute ostiralean, 20:00etan, plazan. Herriko hainbat eragilek parte hartuko dute zuzenekoan.

Zestoako Musika Bandaren 115. urteurrena ospatzeko jarduerak martxoan hasi zituzten, baina hitzordu nagusia ostiralerako dute jarrita. Egun horretan, herriko beste hainbat eragilerekin, jakinarazi ez dituzten eta «sorpresa» gisara mantendu nahi dituzten gonbidatuekin eta udalaren laguntzarekin, kontzertu berezia emango du bandak herriko plazan, 20:00etan hasita. Eguraldia aldeko ez badute, kiroldegi atariko estalpean egingo dute saioa.

Herriko hainbat kultur taldek eta jendek parte hartuko du etziko kontzertuan. Bandaren zuzendari Beñat Etxabek banaka izendatu ditu eragileak: «Erralla bertso eskolakoek, Itxaropena dantza taldekoek, Idiakaitz txistulari taldekoek, Eromen Produkzioak antzerki taldekoek eta herriko helduz eta umez osatutako koru batek parte hartuko dute. Koruko kideez gainera, herriko abeslari berezi batzuk ere izango ditugu». Etxekoekin ospatuko du bandak urtemugako emanaldi bereziena, eta «herriarentzako eta herritarrekin egindako kontzertua» dela azpimarratu du Etxabek.

Musika emanaldiak «txistu alardeen estiloko» formatua izango duela aurreratu du Etxabek, kontzertuaren errepertorioaren zertzelada batzuk azalduz: «Soinu banda bat joz hasiko dugu kontzertua, eta gero, Bob Marleyren kanta bat interpretatuko dugu bertsolariekin. Ondoren, Laskurainen omenez egindako euskal doinuen bilduma bat joko dugu txistulariekin, eta segidan, dantzariekin batera, Amaiako ezpata dantza, fandangoa, arin-arina eta biribilketa egingo ditugu; biribilketan txistulariek eta koruak ere parte hartuko dute. Gero, bertsolariekin bi kanta joko ditugu, eta jarraian, Euskal Herriko hainbat kantu ezagun. Kontzertua Kortaturen Sarri-sarri joz bukatuko dugu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide