Ostegunean hasi eta igandera arte ospatuko dituzte Asentzio jaiak Endoian

Maddi Txintxurreta 2025ko mai. 27a, 15:54

Endoiako Asentzio jaietako artxiboko argazkia.

Ostegunean 19:30ean jaurtiko dute txupinazioa, eta igande iluntzera arte luzatuko da festa Endoian.

Bihar, Asentzio Egunean, hasiko dituzte Asentzio jaiak Zestoako Endoia auzoan, 19:30ean txupinazoa jaurtitzearekin batera. 20:00etan meza entzuteko aukera izango da, eta ondoren, auzo afaria egingo dute trikitilariek lagunduta.

Ostirala, berriz, mus txapelketaren eguna izango da. Lehenengoz antolatu dute txapelketa auzoan, eta parte hartu nahi duenak 20 euro ordaindu beharko ditu. Bikote irabazleak 300 euro eta txapelak jasoko ditu, bigarrenak 150 euro, eta hirugarrenak, opariak. 22:00etan hasiko dira jokatzen.

Musika eta festari gordetako eguna izango da, aldiz, larunbatekoa, Ane Urbieta eta Haitz Martin trikitilariek erromeria eskainiko baitute.

Igandean, atzera ere meza emango dute 11:00etan, eta Itziarko Andutz dantza taldearen emanaldiaz gozatzeko aukera izango da gero. 13:00etarako luntxa antolatu dute, eta 14:30ean bazkaria.

Arratsaldean, 17:30ean hasita, herri kirolen txanda izango da. Arkaitz Etxebeste eta Aratz Mugertza arituko dira aizkoran; harri jasotzen, berriz, Anaitze Zumeta eta Maddi Gesalaga.

Hona hemen Endoiako Asentzio jaien egitarau osoa:

Maiatzak 29, osteguna: Asentzio Eguna

19:30. Txupinazoa.

20:00. Meza.

Ondoren. Auzo afaria trikitilariekin.

Maiatzak 30, ostirala

22:00. Endoiako I. Mus Txapelketa.

Maiatzak 31, larunbata

Erromeria. Ane Urbieta eta Haitz Martin trikitilariekin.

Ekainak 1, igandea

11:00. Meza.

Ondoren. Itziarko Andutz dantza taldearen emanaldia.

13:00. Luntxa.

14:30. Auzo bazkaria.

17:30. Herri kirolak. Arkaitz Etxebeste eta Aratz Mugertza aizkoran; Anaitze Zumeta eta Maddi Gesalaga harrijasotzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide