Beste urte batez, egitarau zabala prestatu du Aizarnako Herri Elkarteak zapatuan auzoan ospatuko dituzten Pazko Jaietarako. Egunean zehar, trikiti doinuak izango dira protagonista.
Ohi bezala, artisauen azoka egongo da plazan; aurtengoan, 11 postu jarriko dituzte ondoko artisau eta eragileek: Aizarnako Eskolako ikasleak, Amalda Biobotanika, Ametsen Txokoa, Ertxineko arrautzak, Iraia Belarritakoak, Ixiar eta Lurdes Akuarelak, Kike Kikorro, Lanaland, Maika Hand Made, Sara Sendabelarrak eta Uxoa Oihalezko Osagarriak.
Bitartean, 11:30ean hasita, haurren txokoa martxan egongo da, eta 14:30ean elkartuko dira denak arkume errea bazkaltzera, sagardoak lagunduta. Bazkarirako tiketak egunean bertan erosteko aukera egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek.
Halaber, herritarrei dei egin diete anima daitezela baserritarrez janztera.