Zestoako Futbol Taldeak klubaren eguna ospatuko du zapatu honetan lehendabiziko aldiz. Denboraldia amaitu berri den honetan, Iraetako futbol zelaian festa egingo dute goizetik arratsaldera.
11:00etan irekiko dituzte futbol zelaiko ateak, eta haur nahiz gaztetxoek hainbat aukera izango dute zapatu goiza gozatzeko: puzgarriak egongo dira eta jolasak antolatuko dituzte beraientzat. Gainera, giza futbolina eta giza bilarra ere egingo dituzte.
12:30ean, berriz, festa etengo dute une batez denboraldiko emaitzak aurkeztu eta esker onak emateko. Ordu erdiko ekitaldia izango da, eta hura amaitutakoan festara itzuliko dira Zestoako futbolzaleak. Puzgarriak eta jolasak 19:00ak arte egongo dira martxan, eta musika, janaria eta edaria ez dira faltako egun osoan zehar.