Jende ugari, Danbolinen 25. urteurreneko herri bazkarian

Andoni Elduaien 2025eko maiatzaren 27a

Kiroldegiko atarian egin zuten bazkaria. (Danbolin)

Zestoako herri aldizkariaren 25. urteurrenaren barruan egin zuten bazkaria, eta jende ugarik parte hartu zuen. Danbolinek balorazio positiboa egin du joan den zapatuko egunaz.

Zestoako Danbolin aldizkariak herri bazkaria egin zuen joan den zapatuan. Danbolinen 25. urteurrenaren harira antolatu eta egin zuten bazkaria kiroldegiaren atarian, eta jende ugarik parte hartu zuen bertan.

Laiak dendak antolatutako Ardo Dastaketaren ostean egin zuten bazkaria. Bazkalostean, berriz, askotariko ekintzak egin zituzten: hasteko, Olber eta Ander Iribar disko jartzaileak aritu ziren arratsaldea girotzen, eta ondoren, bingo musikatua egin zuten. Gaztaren pisua asmatzeko jolasa eta Hikaldiaren jolasa ere egin zituzten.

Danbolinek balorazio positiboa egin du zapatuko herri bazkariaz: "Zoragarria izan zen. Danbolinek antolatutako beste ekintza bati herritarrek horrela erantzuten diotela ikusteak beste 25 urtez jarraitzeko indarra ematen digu. Ezin eskertuago gaude bertaratuek mahaiak jarri, bingoan jolastu eta dena jasotzeko izan zuten prestutasunagatik. Magia egin zenuten minutu gutxitan! Eta nola ez eskertu aurrez antolakuntzan lagundu diguzuenoi eta egunean bertan jatekoa prestatzen zein zerbitzatzen egon zinetenoi", azaldu du Danbolinek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide