Moko finak nahiz axolagabeak, guztiak elkartzen ditu Zestoako Laiak dendak urtero antolatzen duen ardo dastaketak, zerbeza zale fidelenak urtean eguerdi batez ardoa aukeratzea lortzeraino. Horrela izan da gaurkoan ere: jendetza batu da kiroldegi inguruan 12:30etik 14:30era.
Herriko egutegiko zita hutsezina bilakatzen ari da ardo dastaketa, eta arrakastaz ospatu dute gaur Laiak dendaren ekimenaren edizio borobila, hamargarrena. Aurtengoan, hamabi upategiren eskaintza zabala izan dute aukeran zestoarrek: Aimarez, J. Guzman Aldazabal, Monteabellon, Rioja Bordon, B. Tritium, Garcia Olano, B. Aitaren, B. Ondarre, Ondalan, R. de la Piscina, Lapazaran eta B. Mazuela. Orotara, 30 ardo klase eskaini dituzte upategiok.
Gainera, Exclusivas Mardu, Maisor, Basatxerri eta Floridako Merkatua etxeek pintxoak eskaini dituzte, ardo beltzari, zuriari, urtekoari edo onduari laguntzeko. Ustekabe txarangaren musikak girotu du zapatu eguerdiko jan-edana.