Etxeko Memoriala Bertso Pilota Txapelketan zortzi pilotarik eta lau bertsolarik parte hartuko dute, eta sei jardunaldi jokatu ondoren, finala Zestoan jokatuko dute ekainaren 8an, 12:00etan. Txapelketa Zestoan bertan aurkeztu zuten joan den larunbatean, eta bertan azaldu zituzten nondik norakoak. Aurkezpenaren hasieran, Mikel Arregi Zestoako alkateak Ados Pilota eta emakume pilotariak egiten ari diren lana nabarmendu zuen, baita haien txapelketak izaten ari diren arrakasta ere.
Naroa Elizalde pilotaria zena gogoan, pilota txapelketari izena aldatu diotela azaldu zuen Zestoako aurkezpenean Iera Agirre Ados Pilotako kideak; alegia, Udaberriko Txapelketa zena Etxeko Memoriala Bertso Pilota izango da. Zortzi pilotarik eta lau bertsolarik parte hartuko dute Etxeko Memorialean, lau taldetan banatuta. Pilotarien artean daude Naroa Agirre arroarra, Eneritz Arrieta azkoitiarra eta Oihana Orbegozo azpeitiarra. Botilero ariko diren bertsolariak dira, berriz, Xebastian Lizaso, Angel Mari Peñagarikano, Maialen Akizu eta Nerea Elustondo.
Zestoako finalaren aurretik sei jardunaldi jokatuko dituzte elkarren kontra honako tokietan: Itziarren (Gipuzkoa), Donamarian (Nafarroa), Berriozarren (Nafarroa), Lazkaon (Gipuzkoa), Sunbillan (Nafarroa) eta Urdazubin (Nafarroa).
Etxeko Memoriala Bertso Pilota txapelketako taldeak:
- Kukuprakak taldea: Barrokal, Orbegozo eta Aranburu pilotariak. Botilero: Maialen Akizu bertsolaria.
- Mitxoletak taldea: Arrastia, R.Infante eta Oskoz pilotariak. Botilero: Anjel Mari Peñagarikano bertsolaria.
- Bitxiloreak taldea: Agirre, Iturriaga eta Galeano pilotariak. Botilero: Xebastian Lizaso bertsolaria.
- Eguzkiloreak taldea: Arrieta, Mendiburu eta Mujika pilotariak. Botilero: Nerea Elustondo bertsolaria.