Zestoan santakutzetarako orduak zenbatzen hasita daude. Atzera kontaketa horretan sartuta, atzo, astelehena, egin zuten helduen danborradako partaideek ostiraleko hitzordua prestatzeko aurreneko entsegua. Ohi bezala, kiroldegiko aterpean elkartu ziren dozenaka lagun ostiral gauean eskainiko dituzten piezak entseatzeko. Musika banda izan zuten bidelagun.
Atzo bezala, gaur eta bihar ere egingo dituzte entseguak Zestoan, 20:00etan hasita. Gaur musika bandarik gabe arituko dira danbor joleak, baina, bihar, asteazkena, musika bandarekin egingo dute berriro entsegua.
Ostiralean, maiatzak 2, egingo dute helduen santakutzetako danborrada, 22:30ean hasita. 23:10ean iritsiko dira Gurutzera eta 23:50ean plazara. Gauerdian, ohi bezala, ikurrina eta herriko bandera altxatuko dituzte udaletxeko balkoian, eta segidan eskainiko dituzte pieza guztiak danborrada konpainiek.
(Argazkiak: Ihintza Elustondo)