Taxi zerbitzuak ordezkatuko du Zestoako Auzo Busa

Ane Olaizola 2025ko api. 16a, 13:52

Zestoako Auzo Busa (Zestoako Udala)

Udalak Auzo Bus zerbitzua eten du, eta hilaren 28an herrian dauden bi taxiek ordezkatuko dute zerbitzu hori. Bi eskaintza izango ditu: batak Arroagoiko eta Aizarnako herriguneak Zestoako herrigunearekin lotuko ditu, eta besteak baserritarrei eskainiko die zerbitzua.

Zestoako Udalak jakinarazi duenez, Auzo Bus zerbitzua eten egingo du gaur, eta hilaren 28an, herrian dauden bi taxiek ordezkatuko dute zerbitzu hori. Bi eskaintza izango ditu: batak Arroagoiko eta Aizarnako herriguneak Zestoako herrigunearekin lotuko ditu; hau da, orain arte Auzo Busak egiten zuen ibilbide berbera egingo du lehen aukera horrek. Bigarren eskaintzak, berriz, Zestoako baserrietako bizilagunei eskainiko die zerbitzua.

Arroagoiko eta Aizarnako zerbitzuak ordutegi jakin bat izango du, eta astelehenetik ostiralera eskainiko dute zerbitzua, 09:00etan, 12:00etan, 17:00etan eta 19:00etan. Dena den, taxi giradiak antolatuko ditu bidaiak, ordu bakoitzean dagoen eskaeraren arabera. Baserrietako zerbitzua ere astelehenetik ostiralera bitartean egongo da erabilgarri, 08:00etatik 20:00etara artean. Ez du ordutegi zehatzik izango, eta ordu tarte horretan dagoen eskaeraren arabera gauzatuko dituzte joan-etorriak.

Zerbitzua Zestoan erroldatutakoek erabili ahal izango dute, eta aukera baterako zein besterako, aurrez erreserba egin beharko da. Hain zuzen, 14:00ak baino lehen egin behar den bidaietarako bezperan erreserbatu beharko da, 20:00ak baino lehen. 14:00ak baino beranduagoko bidaietarako, berriz, egunean bertan abisatu beharko da, 12:00ak baino lehen.

Ordainketak egiteko, berriz, hamar bidaiako bonuak erabili beharko dituzte herritarrek, eta udaleko harreran eskatu behar dira horiek. Zerbitzua geroz eta gehiago erabili, orduan eta merkeagoa izango da prezioa: hain zuzen, 40 bidaia artean egiten dituztenek bi euro ordainduko dute; 40 eta 60 bidaia artean egiten dituztenek, euro eta erdi; eta urtean 60 bidaia baino gehiago egiten dituztenek euro bat ordainduko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide