Arroabeko Liburuaren Hamabostaldiak literatura eta irakurzaletasuna protagonista bilakatuko ditu apirilaren 1etik 11ra. Gipuzkoako Eskola Txikietako Guraso Elkarteen Koordinakundeak, Arroako Eskolak, Zestoako Udalak, Ezkaizto auzo elkarteak eta Sakulupe guraso elkarteak indarrak batu dituzte liburuen bueltako egitarau zabal bat prestatzeko.
Apirilaren 1ean, asteartearekin, izango da Liburuaren Hamabostaldiaren baitako lehenengo hitzordua. Irakurzaletasuna sustatzeko hainbat gako emango ditu Dorleta Kortazar ipuin kontalariak. Guraso eta irakasleei zuzendutako hitzaldia izango da, eta 17:00etan egin dute hitzordua, eskolan.
Asteazkenean, berriz, Arroabeko VII. Ipuin Lehiaketako sari banaketa ekitaldia egingo dute, 16:45ean, auzoko plazan. Astebetera, apirilaren 8an, lehiaketara aurkeztu diren ipuinetako batzuen irakurketa partekatua egingo dute. 16:45ean izango da irakurketa, Eskola Zaharrean.
Apirilaren 7tik 11ra bitartean, eskolako ordutegiaren barnean, gurasoekin ipuin kontaketak egingo dituzte ikastetxean.
Liburuaren Hamabostaldia ixteko, apirilaren 11an, munduko hainbat txokoetako ipuinen kontaketa egingo dute 16:30ean Elkargunean. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako haurrei zuzenduta egongo da hitzordu hau.