Bizikidetza positiboaz aritu dira Zestoako, Aizarnako eta Arroabeko irakasleak

Nerea Uranga 2025ko mar. 21a, 12:26

Zestoako, Aizarnako eta Arroabeko eskoletako irakasleak formazio saioan. (Zestoako Udala)

Zestoako, Aizarnako eta Arroabeko ikastetxeetako irakasleek Konpetentzia sozioemozionalen eta bizikidetza positiboaren garrantzia izenburuko formazio saioan parte hartu dute. Zestoako Udalak antolatu du, ikastetxeen eta udalaren arteko koordinazio mahaian jasotako proposamena kontuan hartuta.

Konpetentzia sozioemozionalen eta bizikidetza positiboaren garrantzia izeneko formakuntzako hiru saio egingo dituzte Zestoako, Aizarnako eta Arroabeko ikastetxeetako irakasleek. Zestoako Udalak antolatu du, eta dagoeneko hiru saioetatik bi egin dituzte Herrikide ikastetxeko kideekin; bigarrena joan den asteazkenean egin zuten Arroabeko eskolan. 

Formazio horren helburua ikastetxeetan bizikidetza positiboa "sustatzea" eta egunerokoan ematen diren "gatazken kudeaketarako trebatzea" da, Zestoako Udalak azaldu duenez.

Iazko uztailean,  Zestoako Udalaren eta herriko hiru ikastetxeetako ordezkarien artean koordinazio mahaia osatu zuten, urtero hiruzpalau aldiz biltzeko asmoarekin eta ikastetxeek amankomunean izan ditzaketen gaiak lantzeko. Koordinazio mahaiaren bilera batean, Aizarnako eskolak proposatu zuen bizikidetza positiboari buruzko formazioa antolatzea. Proposamen hori aintzat hartuta, udalak saioak antolatu ditu hiru ikastetxeetako irakasleentzat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide